Zarama tasaren %86ko igoera "behin betiko" baztertzea eskatu diote Getxoko Udalari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 19a, 00:40

"Hiri hondakin solidoak Zabalgarbira eramateko proposamena atzera bota badute, ez zaigu zentzuzkoa iruditzen zarama bilketaren gaineko tasan %86ko igoerari eustea", adierazi du goizean emandako prentsaurrekoan Christian Reinickek (argazkian, eskuinean), Udal Tasen Gehiegizko Igoeraren Aurkako Getxoztarren izenean. Hain zuzen ere, "B tarifa" delakoa kentzeko eskatu dio, berriro ere, Getxoko Udalari herri ekimenak, besteak beste, tasa igotzeak baztertutako asmoarekin lotzen dutelako. "Aipatu %86a kalkulatu zutenean, transferentzia planta egitea, hondakinak garraiatzea eta Zabalgarbik berak kobratzen duen tarifa hartu zituzten kontutan. Berango eta inguruko herrietako tasa igoerei erreparatuz argi geratzen da", azaldu du Reinickek. Udalak iragarri duenez, egungo zabortegia beste urtebetez erabili ahal izateko egokitzea "epe laburreko erabakitzat" jo dute Udal Tasen Gehiegizko Igoeraren Aurkako Getxoztarrek. "Arazoak zarama tasaren %86ko igoera ezeztatzea bezalako epe luzeko zein behin betiko irtenbideak behar ditu", nabarmendu dutenez.

"Getxon zerbitzu publikoen prezio edo tasak nolakoak izan behar diren adierazteko bestelako eztabaidagunerik ezean, jadanik 7.142 gara, zarama tasaren %86ko igoera eta udal igerilekuetara sartzeko ezarri den euro bateko gaintasa berria ezeztatzeko eskaera idatzia aurkeztu dugun herritarrak", jakinarazi du Udal Tasen Gehiegizko Igoeraren Aurkako Getxoztarrok herri ekimenak. Getxoko Udalak hartutako erabakiekiko desadostasuna "bikoitza" da euren hitzetan: "Batetik, zerbitzuen kosteak udal mandatariek agintzen duten bezala bere osotasunean ordaindu ordez, zerbitzu publikoen izaera soziala indartzeko prezio sozialak aldarrikatzen ditugu. Bestetik eta zarama biltzeagatik herritar guztioi kobratzen zaigun tasaren kasuan, ez dugu inola ere hiri hondakinen errausketa onartzen, kutsakorra eta garestia delako", azaldu dute.

Hiri hondakin solidoak erraustegira eramateko udal batzarrak aurtengo otsailean onetsitako tasa igoerak "erantzun zabala" izan du hasiera hasieratik, udal tasen igoeraren aurkakoek adierazi dutenez: "Tasa igoera erretiratzeko orain aurkezten ari diren milaka eskaera idatziez gain, ehunka izan ziren otsailean aurkeztu ziren alegazioak". Hondakinak Zabalgarbira eramateko proposamenari udal batzarrak emandako ezetzaren ostean, tasa igoera justifikatzeko erabilitako datuak "oinarri errealik gabe" geratu direla uste dute. Euren hitzetan, 2006ko udal tasak behin betiko onartu aurretik, "zarama tasaren gehiegizko igoera eta udal igerilekuetara sartzeko taxugabeko tasa berria bertan behera utziz, herritarrek masiboki egindako eskaerak aintzat hartzeko aukera ona dute" Getxoko Udalak eta udal batzarreko kide guztiek.

Prezioen Udal Batzordea

Honengatik guztiagatik, 2006ko udal tasen behin behineko onespenaren aurrean, hurrengo alegazioak aurkeztu ditu Udal Tasen Gehiegizko Igoeraren Aurkako Getxoztarrok herri ekimenak. Hain zuzen ere, aipatu alegazioetan zein 7.142 sinadurekin batera udal erregistroan aurkeztutako idatzian, Prezioen Udal Batzordea sortzea aldarrikatu dute, "eragile sozialen partehartzea bermatzeko asmoz". Izan ere, 20.000 biztanletik gorako udalerrietako zerbitzu publikoen prezioak finkatzeko horrelako batzordea behar dela adierazten duen EAEko 230/1988 dekretoan oinarrituz, Getxoko udal tasak eta zergak Prezioen Udal Batzorderik gabe onartu izatea "onartezintzat" jo dute Udal Tasen Gehiegizko Igoeraren Aurkako Getxoztarrek.

Hona hemen, herri ekimenak aurkeztutako alegazioak, hitzez hitz:

1) Inbertsio publikoak sozialki hobeto errentabilizatzeko eta zerbitzu publikoen izaera soziala indartzeko asmoz, Getxo Kirolak udal erakunde autonomoaren tasen artean dagoen udal igerilekuetara sartzen den bakoitzeko tasa taxugabe berria kentzeko aldarrikatu.

2) Herritar guztiok ordaindu behar dugun tasa batek prezio soziala behar duelako, bilketa selektiboak bultzatzeko herritarren parte hartzea saritu egin behar delako eta kontsumo arduratsuan, berrerabilpenean zein birziklaketan oinarritzen diren alternatibak serioski jorratu behar direlako, hiri hondakin solidoak Zabalgarbira eramateko proposamena atzera bota ondoren oinarri errealik gabe dagoen eta %86ko igoera ezartzen duen zarama biltzeagatiko tasaren “B tarifa” kentzeko aldarrikatu.

3) Prozedura aldetik onartezina da idatziz adierazitako milaka herritarren iritziaren kontra eta aldez aurretik idatziz ezelako erantzunik eman gabe, goian aipatu bi tasak udal batzarrak onartu izatea.

4) Onartezina da aldi berean, 20.000 biztanletik gorako udalerrietako zerbitzu publikoen prezioak finkatzeko, 230/1988 autonomia erkidegoko dekretoaren ondorioz, 80.000 biztanletik gora duen gure udalerrian sortzekoa den eta eragile sozialen parte hartzea bermatu behar duen Prezioen Udal Batzorderik gabe onartu izatea Getxoko udal tasak eta zergak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun