1998tik urtero-urtero egin da Itzubaltzetan Ezabaketa Eguna. Izan ere, urte horretan bertan eta lehendabiziko ezabaketaren harira sortu zen Euskal Herrian Euskarazeko tokiko taldea. Errotulazioari bakarrik erreparatuta, lotsagarria eta negargarria zen egoera urte horretan. Ordutik hona, hainbat talderen parte-hartzeak lagunduta (Gazte Asanblada, Segi, Itzubaltzetak Intsumisioa, HNT edo Sarea Antifaxista, besteak beste), aurrerapausoak egon dira eta administrazioa behartua izan da herriaren eskaerei erantzuna ematera neurri batean. Aipatzekoak dira ere Kontseiluak bultzatutako Norbanakoaren Konpromisoa, Gazte Hitzarmena eta euskalgintzak berak egiten duen lana. Horretaz aparte, alderdi politiko, sindikatu, gizarte eragile... guztion esku dago errotulazioan zein gainontzeko esparruetan euskarari lehentasuna ematea.
Gauzak horrela, 2002an Euskara Plana onartu zuen Getxoko Udalak. Besteak beste, barne antolakuntza eta errotulazioa finkatzen ziren horretan. Ohikoak ziren hitzak edo euskaraz eta erderaz antzekoak zirenak euskara hutsez jarriko zirela finkatzen zen planaren 17. eta 19. artikuluetan, gainontzekoak elebidun jarriko ziren. Era berean, erderazkoak Udalak berak desagertaraziko zituela argi gelditzen zen. Areetako posta bulegoaren aurreko bide-seinaleari eta SCHko errotuluari dagokionez, behin eta berriro zuzentzeak eta arduradunei gutunak bidaltzeak eragindako asperraldiak ekarri du horiek kendu behar izatea.
Azaroaren 26an, nazio manifestazioa
Datorren larunbatean, azaroak 26, nazio manifestazioa izango da Euskal Herriko hiriburuan, Iruñean, 17:30ean, "Guztion esku dago! Euskarari lehentasuna eman", lelopean. Manifestazioa autobus geltokitik abiatuko da. Besteak beste, Branka herriko tabernan eta Itzubaltzeta gaztetxean jarri ditugu horra joateko autobusa osatzeko zerrendak, norberak bere burua apuntatzeko. itzubaltzetakoeheuskalerria.org helbidera idatziz ere eman daiteke izena. Guztion zaudete gonbidatuta gurekin Iruñeara etortzeko.
Balitekeenez autobusa osatzen ez lortzea (kasu horretan beste eskualdeekin osatzen saiatu edo kotxez joango ginateke), badaezpada ere telefonoa edota e-posta jarri beharko duzue zerrendan (eta baita autorik duzuenik, badaezpada ere). Prezioa joandakoen kopuruaren arabera izango litzateke. Printzipioz, irteteko ordua 15:00ak izango da, Sabecotik. Buelta azkar egingo genuke, nahi duenak Larrabasterran egingo den Ikasleen Eguneko ekitaldi politikoa zein kontzertuetara ailegatzeko moduan.
Hainbat agiri:
2002ko martxoaren 21ean Zarraoari bidalitako gutuna (pdf)
2002ko martxoaren 21ean SCHri bidalitako gutuna (pdf)
2002ko martxoaren 21ean kaleratutako prentsa-oharra (pdf)
Arazoak izan ditugu 2002ko apirilaren 24an Zarraoak emandako erantzuna eta errotulazioari buruzko Euskara Planaren 17. eta 19. artikuluen orriak eskaneatzeko. Hortaz, eskuratu nahi izatekotan, itzubaltzetakoehe@euskalerria.org helbidera idatziguzu eta helaraziko dizkizugu.
Itzubaltzetako Euskal Herrian Euskaraz
Gaiaren inguruko berriak:
Bihar egingo da Ezabaketa Eguna Itzubaltzetan (2005 Aza 18)
EHEk Ezabaketa Egunak egingo ditu hilaren 19tik 26ra (2005 Aza 17)