Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak (SUGA) Emakume Intsumisoaren Astea antolatu du azaroaren 21etik 25era. Besteak beste, arte erakusketaz gozatzeko parada izango da, osteguna bitartean, Sopelako Laiak, Erroia eta Irubide tabernetan eta Txiberri, Basartena eta herriko tabernan, Urdulizen. Asteartean, berriz, "Emakumeenganako tratu txarrak" izeneko hitzaldia emango du Ane Abarrategi Bilgune Feministako kideak, 19:00etatik aurrera, Sopelako kultur etxean (Sabino Arana, 2). Bi egun beranduago eta ordu berean, "Te doy mis ojos" filmea egongo da ikusgai, Sopelako Nikola AEK euskaltegian (Enrique Urritikoetxea,12). Jardunaldiei amaiera emateko, Emakume Intsumisoaren Aldeko Jaia antolatu du ostiralerako SUGAk. Arte erakusketa (16:30-18:30) eta kantautoreen kontzertua (19:00-20:00) egongo dira egun horretan, Sopelako Udaletxe plazan. Argazkian, SUGAko kideak Igeltsera gaztetxearen proiektua aurkeztu zuteneko prentsaurrekoan.