Astelehen honetatik aurrera epaituko dituzte Asensio eta Zalakain, 18/98 sumarioaren barruan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 21a, 00:09

Azaroaren 21ean (astelehen honetan) hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalak Casa de Campon duen pabilioian, 18/98 sumarioaren gaineko epaiketa. Guztira, 59 lagun eseriko dira akusatuen aulkian. Horien artean Paul Asensio algortarra eta Leioako EHUko campuseko Kazetaritza Fakultateko irakasle kaleratua den Jexuxmari Zalakain. Fiskalak 15 urteko zigorra eskatzen du lehenengoarentzat eta 48 urtekoa bigarrenarentzat. Asensiori Ekin taldeko kidea izatea leporatzen dio. Eta Zalakain Egin egunkariaren aurkako prozesuan kokatzen dute. Bestalde, EAk, Batasunak, EBk eta Aralarrek "bake prozesurako oztopotzat" jo dute bihar, asteartean eta asteazkenean egingo den epaiketa. Argazkian, 18/98+ lantaldearen Kaiera ekimena EHUko Leioako campusean, Zalakain bertan dela, zutik eskuinetara / Gaztesarea.net.

Hiru pieza nagusitan banatuta dago 18/98 auzia: Enpresak-Egin, Xaki, eta Ekin-Joxemi Zumalabe. Lehen atalak, Garzonek KASekin lotu zituen hainbat enpresa txiki eta Egin editatzen zuen Orain S.A. biltzen ditu. Horiek guztiak "ETAren finantzaketa saretzat" jo zituen epaileak. Nazioartean lan egiten zuen elkartea zen Xaki; Euskal Herriaren egoeraren berri Europan zehar emateko xedea zuena. "ETAren atzerri ministerio" izendatu zuen Garzonek. Independentzia eta sozialismoaren aldeko erakundea da Ekin. Helburu nagusi horiek alorrez alor lantzen ditu. Ekineko kideei, gainerako antolakundeetan "ETAren ordezkari gisa aritzea" egotzi zien epaileak. Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak ere Ekinen atalean sartu zituen, desobedientzia zibilaren alde eginez Espainiako lege esparrua gainditu nahi izatea egotzita.

Uribe Kostako auziperatuak

Uribe Kostan hamar dira 18/98, 18/01 eta ondoko sumarioetan auziperatuta dauden lagunak: Algortako Maite Amezaga (18/98), Paul Asensio (Ekin), Mitxel Sarasketa (33/01-Amnistiaren Aldeko Batzordeak) eta Jose Luis Franco (Batasuna / Herriko Tabernak); Astrabuduako Aiboa Casares (18/01-Jarrai-Haika-Segi); Berangoko Jagoba Terrones (33/01-Amnistiaren Aldeko Batzordeak); Erandioko Xabier Oleaga (Euskaldunon Egunkaria); Leioako EHUko campuseko Kazetaritza Fakultateko irakasle kaleratua den Jexuxmari Zalakain (Egin); Urdulizko Izaskun Barbarias (Batasuna / Herriko Tabernak); eta Getxoko Udalean lan egiten duen Sabin Del Bado (Batasuna).

Gaiaren inguruko berriak:

Alderdi politikoen iritziak bihar hasiko den 18/98 epaiketaren aurrean (Eitb24.com)

Epaiak balizko bake prozesu bati eragingo diola uste du Goirizelaiak (Gara.net)

Epaiketa guztien ama (Berria.info)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun