Orain bi urte "40 irregulartasun baino gehiago" egitea egotzi dio Udalari Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 21a, 22:56

"Getxoko Udalak 2003ko ekitaldian egindako 40 irregulartasun baino gehiagoen gaineko salaketa" aurkeztu du, gaur goizean, EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzan Getxoko PPk. Horretarako, udal erakundearen urte horretako kudeaketaren gainean, EAEko Kontu Auzitegiak ekainean kaleratutako txostena jarri du auzitegiaren eskuetan Marisa Arrue tokiko popularren bozeramaileak, "EAJko Iñaki Zarraoak zuzentzen duen udal gobernuaren jarduerak delituzkoak diren azter dezan". "Salaketa jarri behar izatea" arrazoitzeko, Alderdi Popularrak txostenean adierazita eta "zenbatezinak diren hutsak ikertzeko tresnarik ez" daukala kritikatu du zinegotziak, "Getxoko Udalean opakotasuna ohikoa izateaz gain, inolako informaziorik ez digutelako ematen". Bere hitzetan, "irregulartasun gehienak bere horretan diraute gaur egun". Argazkia: Marisa Arrue izan da, gaur goizean, Getxoko PPren ordezkaritzaren buru.

EAEko Kontu Auzitegiak argitaratutako txostenean oinarrituz, Marisa Arrue zinegotzi popularrak salatutakoaren arabera, 225 langile "atzamarrez" kontratatu ditu Getxoko Udalak: 169 udaletxean, 28 Jesusen Bihotza Udal Egoitzan eta 11 Getxoko Kultur Etxean, hurrenez hurren. "Inbertsioekin gauza bera gertatu da, publizitate eta bat-etortze oinarriak ez betez", gaineratu du. Zentzu horretan, "1.159.000 euro kontratatu izana" kritikatu du Getxoko PPko bozeramaileak; "horietatik 226.000 euro abokatu-langela batentzat izan ziren, 600.000 euro Getxoko Kultur Etxearentzat eta 300.000 euro baino gehiago Fadurarentzat.

Horretaz gain, udal arduradunek kontratu ugari "partzelatu" dituztela salatu dute popularrek, "udalbatzan edo batzordeetan aurkeztu behar ez izateko". "Baita esleitutako hainbat lanen epeak eta aurrekontuak luzatu ere. Besteak beste, Faduraren kasuan, %70eko luzapena izan zuten", gaineratu du. Azkenik, "zabortegiarena bezalako egitasmo garrantzitsuak" ere –2.800.000 euro– udalbatzatik ez direla igaro ohartarazi du Arruek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun