Udal gobernua "ahuldu" nahi izatea egotzi dio Getxoko PPri Zarraoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 21a, 23:52

"Espainiako Ministeritza Fiskalaren Kontu Auzitegiak txostena igorri zion urrian EAEkoari, Getxoko Udalaren 2003ko kudeaketan inolako irregulartasunik edo prebarikaziorik ez dutela nabarmendu adieraziz", Marisa Arrue zinegotzi popularra EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztu eta hiru ordutara, horrela gezurtatu ditu Iñaki Zarraoa alkateak (argazkian) Getxoko PPk egindako salaketak. "Udal gobernua ahultzeko", komunikabideetan egiten ari diren "kanpainaren" barruan kokatu du popularren gaurko ekimena, "PPren ezinaren adierazletzat" joz, udalerriko "alternatiba politikoa ez direlako". Zarraoak aditzera eman duenez, "Getxoko PPren erantzukizuna ere bada, EAEko Kontu Auzitegiaren txostenean aipatzen denez, legeak baimentzen duenaren aurka kontratu baten luzapena eta ordainketak onartu izana, udalbatza batean horren alde bozkatu zuelako". Gauzak horrela, “trikimailuak ahaztu eta udalerriarentzat politika baikorra egin" dezala eskatu dio alderdi konstituzionalistari alkateak, "izen-belzte eta gaurkoa bezalako ekintzak alde batera utziz, jakin badakitelako EAEko Auzitegi Nagusiak ez duela auzi honetan esku hartuko”.

“Administrazioen kudeaketa hobetze aldera aztertze eta laguntza lana egiteagatik, positibotzat jotzen dugu EAEko Kontu Auzitegiaren txostena, beste batzuekin alderatuta eta erakunde bereko hainbat partaideren iritzia ezagututa”, adierazi du Zarraoak, horiek beti Madrilera igortzen direla gogoratu ondoren. Alkateak onartu egin du, aipatu txostena atalez atal aztertu ondoren, gai batzuetan horrekin bat ez datorrela Getxoko Udala: langileak kontratazerakoan berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioa bermatzen ez denaren iritziarekin, hurrenez hurren, "hiru kontratazio mota garbi daudelako". Beste batzuk "onartu eta hobetu egingo" dituela (lege-aholkularitza eta diru-laguntzak emateko arau bat ez edukitzearena, "hau zuzentze bidean badago ere") aipatu du Zarraoak. Azkenik, “Getxoko Udalarenak baino askoz txosten txarragoak" egin dituztela adierazi du alkateak, baita "erantzukizun penalak eskatzeko, horietan PPk epaitegietara jo ez duela" gaineratu ere.

Gaiaren inguruko berriak:

Orain bi urte "40 irregulartasun baino gehiago" egitea egotzi dio Udalari Getxoko PPk
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun