"Guztiok dakigun lez, komunikabideak sozializaziorako eragile eta iritzien sortzaile dira. Ideia honetatik abiatuta, Euskal Herriko kultura eta sistema patriarkalak diren heinean, informazioaren ikuspuntu patriarkal eta androzentrikoak bizirik dirau. Beraz, komunikabideak iritzien sortzaileak diren heinean, patriarkatuak sortu eta ezartzen dituen rol, balore, sexu estereotipoak... komunikabideek nolabait iraun arazi egiten dituzte", Bilgune Feministaren iritziz. Egoera horretaz ohartuta, "komunikabideetan sexismoa ekiditzeko estilo liburua" kaleratu zuten pasa den ikasturtean. Estilo liburu horri funtzio ezberdinak egokitzen dizkiote: batetik, "kontzientziaziorako tresna" bilakatzea; eta bestetik, komunikabideek "informazioa lantzerakoan tresna baliagarri" bilakatzea. "Azkenik, estilo liburuan jasotako dokumentazioa, proposamenak eta gomendioak egunerokotasunean erabili eta barneratuz, nolabait komunikabideetan sexismoa ekiditzea da helburua", dio Bilguneak.
Atzo, asteartea, eskainitako prentsaurrekoaren bidez, erakundeko kideek azaldu zutenez, liburuarekin lotutako kanpainari jarraiki, joan den ikasturtean hainbat komunikabiderekin harremanetan jarri ziren, estilo liburuaren baitan azaldutako oinarrizko 13 konpromisoak edota betebeharrak kontrastatzeko eta ahal zen adostasunetara iristeko. "Jakin bagenekien eta badakigu, egun batetik bestera ez dugula sexismoa ekidituko, ezta baztertuko ere", onartzen dutenez. Horrexegatik, urte hasieran eta oraingoan ari diren bezala, hedabideetan sexismoa ekiditzeko konpromisoak "urratsez urrats" hartzea "ezinbestekotzat" jotzen dute.
Teoriatik praktikara
Estilo liburua oinarritzat hartuta, beronen erabilera eta lanketa praktikoa egitea izango litzateke azken helburu nagusia, Bilgune Feministak adierazi duenez. Estilo liburuan sakontzen diren edukiak lantzen hasteko lehenengo urratsari dagokionez, emakumeen kontrako indarkeriaren tratamendu informatiboa berregokitzeko dekalogoa lantzea proposatzen dute, indarkeria sexistarekin lotutako edozein gertaeraren aurrean. Horretarako, hedabideen atxikimendua zein dekalogoa aurrera eramateko konpromisoa "ezinbestekoak" dira, erakundearen ustez. "Honela, guztion elkarlanaz, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko informazioa egokia izatea lortuko dugu", azaldu dute Bilguneko kideek.
Baina proposamen hori lehenengo urratsa besterik ez da, komunikabideetan sexismoa ekiditeko bidean, aurrera begira ildo gehiago lantzen jarraituko baituzte.
Oinarrizko 13 konpromiso
Bilgune Feministaren hitzetan, "sexuen arteko botere harremanen ondorioz emakumea zapalduta egotea emakumeen kontrako indarkeriatzat jotzen dugu. Halaber, instituzioetan, hezkuntza sisteman, eremu laboralean, osasun sisteman eta abarretan ematen diren harremanak hierarkikoak dira, emakumea zapalduta delarik zapaldua dagoena". Indarkeria sexistaren tratamendu informatiboa berregokitzeko dekalogoan oinarrizko 13 konpromiso jasotzen dira:
- Emakumeen kontrako indarkeria egiturazkoa den heinean, hedabideek horrelaxe islatu eta irudikatu behar dute.
- Emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko informazioak ez dira gertakari isolatuak.
- Erasotzaile edota biktimaren profil konkreturik ez dago.
- Estereotipo eta eginkizun (rol) sexistaren erabilpena ekidin.
- Sensazionalismoa saihestu.
- Jarraipen egokia landu.
- Elementu positiboak irudikatu.
- Informazioaren helburuari lagundu: jendarteratzea eta erasoei erantzutea.
- Salaketa soziala ahalbideratu.
- Kasuaren ikuspuntu integrala landu.
Atxikimenduak
Besteak beste, honako hedabide hauek dekalogoarekiko atxikimendua azaltzen dute eta eguneroko jardueran aurrera eramateko konpromisoa hartu dute: "El Correo Español", "Deia", "Gara", "Berria", "Le Journal" eta Tolosaldeko, Urola Kostako eta Oarsoaldeko "Hitza"k; "Uztarria", "Geu", "Ezkaba", "Lurraxka", "Nabarra" eta "UK" aldizkariak; UKBERRI.NET eta Gaztesarea agerkari digitalak; Txolarre, Hala Bedi, Koska, Xorroxin eta Azti-Begia irratiak; eta ZTB telebista.
Horretaz gain, egitasmoaren berri emanez, dekalogoa kontrastatzeko hainbat hedabideekin harremanetan dago Bilgune Feminista, aurrera begira, dekalogoari atxikimendua eman eta konpromisoa hartzeko: "Diario de Noticias" kazeta; "Ze Berri", "Pulunpe", "Guaixe", "Mendixut" eta "Noizbehinkaria" aldizkariak; Karrape, Radio Euskadi, Beleixe, Esan-erran eta Euskal Herria irratiak; EITB, Ttipi-ttapa eta Xaloa telebistak; Topagunea; Arrosa irrati libreen sarea; eta Eguzki bideoak, hurrenez hurren.
Komunikabideetan sexismoa ekiditzeko lortutako atxikimenduak eta konpromisoak "urrats garrantzitsutzat" jotzen ditu Bilguneak, atzoko prentsaurrekoan azpimarratu duenez. "Aurrerapauso bat dela jakinda, aurrera begira lanean jarraituko dugu komunikabideekin elkarlanean proposamen guztiei leku bat eginez, ahal dugun heinean bitartekoak eman eta noski, hedabide ofizial zein alternatiboen aldetik, ezinbestekoak diren konpromisoak biltzen", adierazi zuten erakundeko kideek.