Duela hiru urte jarri zen martxan Euskal Curriculuma sortzeko prozesua, Udalbiltza, Ikastolen Konfederazioa eta Sortzen-Ikasbatuazen aldetik. Urratsak eman ahala, eragile berriak gehitu dira prozesura, besteak beste EAEko Hezkuntza Saila, eta prozesuak "dimentsio handia" hartu du, Euskal Herriak Bere Eskola erakundeko kideek aipatzen dutenez. "Orain arteko kudeaketak lagun gutxiren artean egin badira ere, hurrengo ikasturtean eztabaida emateko tenorea da, alde batetik, hezkuntza esparruan, eta bestetik jendarte mailan", azaldu dute.
EHBEk egitasmo honen inguruko eztabaida ikastetxe eta herrietara garraiatu nahi du. Taldearen ustez, "egitasmo hau herritarra izateak berebiziko garrantzia" duelako, eta horregatik ikusten du "beharrezkoa" Euskal Curriculumaren aldeko aldarrikapena "lau haizetara zabaldu eta horrekiko atxikimendua sustatzea". Horixe da, hain zuzen ere, abenduaren 3ra luzatuko den egitasmo honekin lortu nahi den helburua.
Gizarteratu eta eztabaida sortu
"Ahalik eta eremu gehienetan (eskoletan, irakasleekin, gurasoekin , ikasleekin, herritar eta herri eragileen artean, orohar, jendarte mailan) Euskal Curriulumaren beharra gizarteratzea" dago EHBEk ekimen honekin lortu nahi dituen helburu garrantzitsuenen artean. Horretaz gain, Euskal Curriculumaren inguruko "eztabaida sustatzea" da asmoa: "batetik, eskoletan, informazioa erraztu eta eztabaida parte hartzailea bultzatzea; beste alde batetik, herri eragileen ekarpena jasotzeko bideak irekitzea".
Modu honetan, eta Durangora iristen den arte, liburukotea herriz herri joango da, sinbolikoki Euskal Herri osoko jakintzak bilduz. Egun bakoitzean herri batean egongo da euskal curriculuamaren artxibategia. Ekimen honek ibilbide itxura hartuko du, artxibategiak igaroko dituen herriak hurrenkera geografikoan kokatuko direlarik. Ibilbidea Durangon amaituko da, nazio mailako ekitaldi baten bidez, non herriz herri jasotako orri guztiak erakutsiko diren.
Euskal Curriculumaren txostena (pdf)