Ostiralean, azaroak 25, 60 milimetro arteko elurra pilatu daiteke 24 ordutan Bizkaian eta Gipuzkoan. Mila metrotik behera egingo du elurra ostiral eguerdian, iragarpenen arabera, eta 500-600 metroraino egunaren bukaera aldera. Arratsaldean eta gauean, ekaitza eta txingorra izango dira Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur, elurtzaren lodiera 15 zentimetrokoa izango da mila metrotik gora eta 5 zentimetrokoa 600 metrotan. Bihar, berriz, elurtzak 30 zentimetroko lodiera izango du mila metrotik gora eta 10ekoa 600 metrotan.
Iragarpen hauek ikusita, Neguko Bide Segurtasunaren Plana martxan jartzeko agindu du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak. Planaren helburua trafikoaren eta errepideen ardura duten erakunde eta instituzioen artean koordinazio eta eraginkortasunik handiena bilatzea da, adierazi dutenez.
Neurriak
EAEko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak mahaingurua deitu du Bilboko egoitzan erakundeen arteko lana koordinatzeko. Bertan, Trafiko Zuzendaritza; Herrizaingo Saileko Herritarren Segurtasunerako Zuzendaritza eta Larrialdietarako Zuzendaritza; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietako errepideetako zerbitzuak eta autobideetako enpresa kontzesionarioek parte hartuko dute bileran. Horretaz gain, tona-kopuru handiko hainbat garabi prestatu ditu Trafiko Zuzendaritzak, errepide nagusietara bidaltzeko, pisu astuneko ibilgailuak errepidean gurutzatzen badira ahalik eta azkarren kentzeko.
Trafikoaren eta errepideen egoeraren berri izateko gidariek EAEko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren etengabeko arreta-telefonora (902 112 088) dei dezakete edota Trafiko Zuzendaritzaren webgunea (www.euskadi.net/trafikoa) begiratu. Azkenik, azken orduko informazioa eskainiko du prentsa-oharren bidez Herrizaingo Sailak, baita irratietan egiten dituzten ohiko konexioen bidez ere.