Datien arabera, 10.000 biztanleko Gipuzkoan 6,19 emakume dira erasotuak, Bizkaian 8,23 eta Araban, azkenik, 9,06. Urterik urte gora egiten ari da ustezko erasotzaileak direlakoan Ertzaintzak atxilotutako gizonezkoen kopurua. Aurten 665 atxilotu dituzte, 2004an epe berean baino %51 gehiago.
Erasoak saihesteko sistemak "hobera" egin du
Tratu-txarrak saihesteko, mehatxatatu dauden emakumeak babesteko eta erasotzaileak atxilotu eta epailearen esku jartzeko Ertzaintzak duen lan-sistemak "hobera" egin duela dio Herrizaingo Sailak. "Gaur egun, protokolo bat jarraitzen duen prozedura dago, horrelako delitu zehatzetan eraginkortasunez jokatzeko. Prozeduraren zenbait ataletan EHUko adituek parte hartu dute; prozedurak biktimaren arreta hobetzen du, eta poliziaren, epaileen eta osasun-zerbitzuen arteko elkarlan eraginkorragoa ahalbidetzen du", azaldu dutenez.
Horretaz gain, prozedurak biktima zein arrisku egoeratan dagoen adierazteko balio duela diote Jaurlaritzako arduradunek, eta "Ertzaintzak kasu bakoitzean biktimari nolako babesa eman behar dion jakiteko ere balio du; gertuen dagoen komisariarekin telefono bidezko harremana eskaintzetik, etengabeko babesa eskaintzera arte, kasuaren larritasunaren arabera". Javier Balza sailburuak legegintzaldi honen hasieran aurreratutakoaren arabera, jarduteko prozedura hau Ertzaintzatik kanpoko kontrolatzaileek aztertzea da Herrizaingo Sailaren helburua, "horrela homologatutako kalitatearen ziurtagiria lortzeko".