Azterketaren arabera, hizkuntza-politikaren hazkundea aurrekontuena baino txikiagoa da. "2006an ez da euskarak behar duen ahalegina egin", adierazi du , Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. Bestetik, euskalgintzak ez du urteko KPIaren igoera ere izango, "beraz, jaitsiera nabarmena da", azaldu du.
Kontseiluak 2006an euskararen sustapenak 29,4 milioi euro gehiago behar dituela azaldu zion Gobernuari. Halere, orokorrean, euskararen normalizazioak ez du aurrera egiteko behar dituen baliabideak izango euskalgintzaren aburuz: "Kontseiluaren eskakizunak ez dira aintzak hartu".
Era berean, badira igo diren pare bat kopuru. Batetik, euskaltegi homologatuei bideratutakoak, "sektoreak ez du horrekin doakotasuna eskuratuko baina gaur egungo egoera desegokia gainditzen lagun dezake", adierazi du Xabier Mendigurenek. Bestetik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearentzat aurrekontua bikoiztu egin da, "halere, Osakidetzak, Hezkuntzak, Ertzaintzak eta Administrazio Orokorrak behar duten euskalduntzea ez du bermatuko igoera horrek".
Zuzenketak
Orain Kontseiluak, aurrekontuak adostu baino lehen, alderdi politikoei negoziatzeko eskatu die. Horretarako, ezinbestekoak diren zenbait zuzenketa bidali dizkie. Horien artean, Osakidetza eta Euskal Herriko Polizia euskalduntzeko partidak sortzea. "Administrazioa euskalduntzea guztiz funtsezkoa da herritarrari kalitateko zerbitzua eskaintzeko", azaldu du idazkari nagusiak. Era berean, lan mundua euskalduntzeko ahaleginak egiteko eskatu die, "entitate pribatuetan ere euskara-planak garatzeko dirulaguntzak behar dira".
Orotara, 17 zuzenketa proposatzen ditu Kontseiluak. Hedabideek euskara susta dezaten diru laguntzak handitzeko eskatu du, "bai dauzkagun euskarazko komunikabideak sendotzeko, bai tokiko telebista euskaraz garatzeko", esan du Mendigurenek. Bestalde, teknologia berrietan euskararen presentzia bermatu behar dela aldarrikatu du Kontseiluak, "hizkuntzaren ondarea digitalizatzea, aisialdiko produktuak ekoiztea eta Interneten bidez zerbitzuak eta edukiak gizarteratzea, besteak beste".
Galderak
Agerraldi honen bidez euskalgintzak zenbait galdera luzatu nahi izan dizkie aurrekontuen ardura nagusia duten indar politikoei:
- Diru baliabide hauen bitartez, zer aldaketa sustatu nahi da hizkuntza-politikan?
- Gisa horretako diru inbertsioekin, noiz egongo da euskara normalizaturik?
- Zer epe aurreikusten da Ertzaintza euskalduntzeko? Zenbat inbertituko da horretan?
- Zein epe aurreikusten da Osakidetza euskalduntzeko? Zenbat inbertituko da?
- Zer epe Administrazio orokorra euskalduntzeko? Zenbat inbertituko da horretan?
- Zergatik partida askotan ez da igo aurrekontuak izan duen igoera portzentuala ere?
- Diru inbertsio horrekin, nola emango zaio bukaera hizkuntza-eskubideen urraketari?
Nafarroako aurrekontuak: "2006an hizkuntza-eskubideen urraketa ez da bukatuko"
Kontseilua