Orkatz Gallastegi kondenatzeko ADN frogak baliagarriak direla dio orain Espainiako Auzitegi Gorenak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 29a, 20:51

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Orkatz Gallastegi (argazkian) preso berangoztarraren aurkako 6 urteko espetxe zigorra, "kalte terroristak" egitea leporatuta, ustez 2002ko martxoaren 15ean, La Caixaren kutxazain baten parte hartzeagatik, Algortan. Azaroaren 23an, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez adierazi zuenez, 2001ean Berangon autobus bat erre zuelakoan, Gallastegiri berari ezarritako zortzi urteko zigorra kentzeko "lehenago erabili zituen irizpideen kontra" egin du oraingoan auzitegiak. "Orain ertzain-etxean hartutako ADN lagina froga bezala erabil daitekeela dio, maiatzean, beste sententzia batean, kontrakoa esan arren", salatu zuten errepresioaren aurkako erakundeko kideek. Orduan, Auzitegi Gorenak gazteari ezarritako zigorra baliorik gabe utzi zuen, akusazioaren froga nagusia, ADNrena, "kontrol judizialik gabe egin zelako". Hori aintzat hartuz, auzipetuaren ustezko errugabetasuna urratu zutela ebatzi zuen auzitegiak, Gallastegi absolbituz, "ez zelako frogatu autobusaren aurkako erasoan parte hartu zuenik", epaiak zioenez.

Orkatz Gallastegi preso berangoztarrari 6 urteko espetxe zigorra berretsi diotela, Garak eta Europa Pressek ere jaso zuten. "Azken honek sententziaren azalpen luze eta xehea eman du, ohi bezala prozesu guztia ontzat emateko", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu zuenez.

Testigantzak

"Jakina, sententzia bat dator Ertzaintzak esandako guztiarekin. Baina, besteren artean, gogoratu behar dugu Orkatzek torturak salatu zituenean indarrez ahotik lagin bat hartu ziotela aipatu zuela, ADN lagina hartzeko zela ez jakin arren", azaldu zuten errepresioaren aurkako erakundeko kideek. Berangoztar gazteak egindako testigantza ekarri zuten gogora hori guztia arrazoitzeko: "Galdeketetako batean ahoa zabaldu zidaten eta zerbait sartu zidaten ahoan eta hau izan daiteke hormetan ikusten nituen irudien arrazoia (neska baten aurpegia, zaldi gurdi bat…)". Tortura testigantza osorik (3. galdera) jaso zuen bere garaian Etengabek.

"Nork sinestuko du tortura basati horiek egiten dituen poliziak atxilotuak lurrera txistua botatzeko zain egongo direnik? Eta galdera gehiago egin behar dira ADN kasu hauetan: nork dio Ertzaintzak ekintza gertatu zen lekuan kaputxa bat jaso zuela eta jaso bazuen ere Orkatzen ADNren aztarnak zituela? Nork dio torturaz sinarazitako deklarazioa legezkoa dela?", deitoratu zuten amnistiaren aldeko erakundeko kideek, beste behin ere Gallastegiren askatasuna aldarrikatuz.

Gaiaren inguruko berriak:

Orkatz Gallastegi absolbitu egin du Auzitegi Gorenak Berangoko autobusaren kasuan (2005 Mai 15)

Sei urteko kartzela-zigorra jarri diote Orkatz Gallastegiri (2005 Api 29)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun