Metro bateko zabalerako arrapalak lau zatitan jarri dituzte: Sarrikobaso eta Bidezabal kaleen arteko biribilgunetik Urkiola kalerainoko zatian, bi zati jarri dituzte ezkerreko aldeko espaloian. Beste biak gune horretatik Bidezabalgo metroko geltokiraino doaz. Aldapa osoan lorak eta argiztapena berriztu dituzte. "Oinezkoen segurtasuna ere bermatuko da", arrapala eta errepidearen artean "material sendoa" jarri baitute, udal arduradunek azaldu dutenez. 8’3 graduko malda eta 18 kilometro orduko abiaduran, aulki gurpildunak ere ibili ahal izango dira arrapaletan. Jakinarazi dutenez, ez dute espaloietan tokia kentzen, errepideetan baizik; eta orduko 9.000 lagun eraman ahal izango dituzte.
48.000 lagunei mesede
Andres Uriartek Hirigintza zinegotziak ekipamendu berri horren "garrantzia" nabarmendu du, "egunero Bidezabalgo metro geltokia erabiltzen duten 20.000 lagunei eta Algortako osasun zentrora joaten diren beste 28.000ri zerbitzua eskainiko dielako". Uriartek azaldu duenez, Ereagako igogailua eta espaloiak handitzeko edota barandak ipintzeko lanekin batera, Getxoko Udal Gobernu Taldeak legegintzaldi honetan Irisgarritasunaren Planaren barruan abiatu asmo dituen ekintzetako bat dira Bidezabalgo arrapala mekanikoak". Adierazi duenez, Villamonte eta Algortako metro geltoki arteko eskailera mekanikoak eta igogailua, eta Salsidu kaleko arrapala mekanikoak ere "laster egingo dira".