Lanen ezaugarriei dagokienez, 70 x 50 zentimetroko neurrikoak izan beharko dira dira (ez-etzanak), luma-kartoi gainean eta kristalik gabe aurkeztuak, derrigorrez. Egilea nor den jakiteko, lanak ezizen batekin aurkeztuko dira. Eta, horiekin batera, egilearen ezizena daraman gutunazal itxi bat aurkeztuko da eta bertan egilea nor den jakiteko datuak adieraziko dira: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakiak eta jaioteguna. Lanetan “Erandio 2006 Inauteriak / Carnavales" leloa agertu beharko da.
Epaimahaia
Kultura Sailak izendatuko du epaimahaia. Arte Ederren arloarekin eta, oro har, kulturgintzarekin zerikusia duten pertsonak, korporazioko kideak eta udal langileak izan daitezke epaimahaikide. Beharrezkoa izanez gero, Kultura Sailak kanpoko adituen aholkularitza eskatu ahal izango du.
Epaimahaiaren egitekoa izango da, batetik, aurkeztutako lanen artetik kartel irabazlea hautatzea. Bestetik, jarritako baldintzak betetzen ez dituzten lanak lehiaketatik kanpo uztea, hau da, plagiotzat edo imitaziotzat jotzen direnak, beste nonbait sarituak eta abar. Gainera, saria eman gabe utzi ahal izango du epaimahaiak, aurkeztutako lanek kalitate teknikorik ez badute. Kasu horretan, enpresa edo artista aditu bati eskatu ahal izango dio Kultura Sailak kartela egiteko.
Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, nabarmendu dutenez. Lehiaketan parte hartzeak baldintza guzti-guztiak onartu direla esan nahi du. Epaimahaiak berriro aztertu ditzake hartutako erabakiak, ezarritako baldintzak ez direla bete egiaztatuz gero.
Lanen jabetza
Erandioko Udalak kartel irabazlearen jabetza bereganatuko du, udal arduradunek adierazi dutenez. Horrez gain, saritutako lanari dagozkion eskubide ekonomiko oro beretzat hartuko ditu eta besterik ordaindu gabe ahal izango du erreproduzitu, itxuraldatu, erakutsi, banatu eta jendaurreko komunikaziorako erabili; eskubide horiek Erandioko Udalarenak baino ez dira izango.
Gainontzeko lanak ikusgarri jarri ahal izango dira eta Udalak aukeratu ahal izango du zeintzuk erakutsiko diren, erakusketa aretoaren tamainaren arabera eta kalitate artistikoa kontuan hartuta. Josu Murueta kultur etxean jaso ahal izango dira saririk irabazi ez duten lanak, 2006ko martxoaren 15etik 24ra. Hortik aurrera, Udalak erabakiko du, bere kabuz, jaso ez direnekin zer egin.