Algortako Portu Zaharrean turismoa bultzatu nahi du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 30a, 22:25

Getxoko Udala lehenengo urratsak ematen ari da, Algortako Portu Zaharrean turisten bisitak areagotzeko asmoz, ideia urbanistiko eta arkitektonikoen egitasmoa idaztea nori esleitu erabakitzeko. “Gune hori Getxo udalerriaren altxorra da, turismo ikuspuntutik zaindu eta bultzatu beharrekoa", Iñaki Zarraoa alkateak adierazitakoaren arabera. Hala ere, bisitari kopuru handiegia erakartzearekin ez dator bat udal agintaria; "Algortako Portu Zaharraren berezitasuna delako ezagutzera eman behar dena".

Getxoko Udaleko Turismorako Plan Estrategikoak berak agertu zuen Portu Zaharra eta Bizkaiko Zubia zirela udalerriko bi "gune erakargarrienak, hortaz, bultzatu behar direnak", Zarraoak azaldutakoaren arabera. Orain kaleratutako egitasmoarekin Portu Zaharrera heltzeko bideak berrikusi eta egokittu nahi dira, goiko partetik (Aretxondotik) zein beheko aldetik (Ereagatik). Kasu horretan, proposatuko denak bat egin beharko du Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera doan bidea zabaltzeko egitasmoarekin, udal arduradunek zehaztu dutenez.

Gunea nola suspertu

Hirigintza ikuspuntutik gunea erakargarri egiteko ideiak nola eraman aurrera ere ezagutu nahi du Getxoko Udalak; baita eraikinek beren itxura klasikoa mantentzeko baldintzak ere. “Plangintza urbanistiko berezi baten modukoa izango litzateke, lan-baimenek eta eraikinak mantentzeko moduek bat egin dezaten, portuaren izaerarekin. Era berean, gunea turistikoki suspertzeko ideiak edota neurriak ezagutu nahi ditugu, tartean seinaleztapena, bisita gidatuak edota Portu Zaharreko zabalgunerako planteamenduak, Zarraoak zehaztutakoaren arabera. Agiria prest dagoenean, ideiak nola bideratu aztertuko dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun