Mobilizazioak izango dira iluntzean 18/98 epaiketaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 1a, 16:40

Egunotan Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen den 18/98 eta ondoko sumarioen "makroprozesua" salatzeko "mobilizazio eguna" deitu du gaurko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Etengabe.org bitakorak jakinarazi duenez, Uribe Kostan lau manifestazio egingo dira arratsaldeko 20:00etan Sopelan, Leioan, Berangon eta Algortan. Bestalde, Areetan kontzentrazioa egingo da Itzubaltzeta / Erromoko Askatasunak deituta. Orain arte egindako propagandan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak duela zazpi urte zabaldu zen sumarioa eta Burgosko prozesua berdindu ditu.

Ohiturei jarraituz, honakoak izango dira manifestazio eta kontzentrazioen abiapuntua:

- Areetan, Xake plaza.
- Algortan, Telletxe.
- Berangon, Gudarien enparantza.
- Leioan, Boulevard.
- Sopelan, udaletxe aurrean.

Hausnarketa politikoa

Azaroaren 24an emandako prentsa aurrekoan Amnistiaren Aldeko Mugimenduko Julen Larrinaga eta Jon Enparantzak 18/98 sumarioko epaiketaren gaineko ausnarketa politikoa egin zuten.

Larrinagak adierazi zuenez, “azkenaldi honetan, epaiketa politiko hori salatzeari begira Euskal Herrian hainbat proposamen, dinamika eta ekimen burutu dira, euskal gizarteak lagunduta. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak honen inguruko bere diskurtso eta hausnarketa politikoa plazaratu nahi du”.

Jon Enparantza gaineratu zuenez, “duela ia zortzi urte hasi ondoren, agerian geratu da bere momentuan Jarrai-Haika-Segirekin gertatu bezela prentsa politiko-mediatikoak bultzatuta hasi dela auzi hau”, Nabarmendu zuenez, “lege espainiarrek eskatzen dituzten arau eta berme oinarrizkoenak errespetatu gabe hasi da epaiketa”.

Hala ere, “ohituta gauzkate irregularitatez betetako auziak ikusten eta pairatzen, guztiok aste honetan lekuko izan garen bezala. Ohituta gauzkate esaten dut hain zuzen azken 30 urte hauetan Auzitegi Nazional espainiarrean izan diren auzi guztiak oinarrizko eskubideak zanpatuz burutu direlako”, esan zuen Enparantzak.

“Hala ere, esan behar dugu txapuza juridiko-judizial horiek ez gaituela lausotu behar eta hondoan dagoen arazo eta muin politikoa ikusi beharra dagoela. Auzi honek izan duen eta izango duen garrantzia eta larritasuna izugarria baita gure ustetan”, gaineratu zuten.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustetan, “horrelako jarrera eta jarduerak mantentzen diren artean, Euskal Herria eta euskal herritarren kontrako prozesu politikoak burutzen diren artean, gerra apostuak zutik jarraitzen duen artean, nekez ekin dakioke gatazkaren konponbideari oinarri demokratikoetatik”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun