Kontseiluko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzaren azterketaren emaitzak ekarri ditu gogora. Hau da, gobernuak egindako inkesta baten bidez frogatu zen ikasleen erdiek ez dutela euskara ondo menderatzen derrigorrezko hezkuntza bukatzerakoan. "Urgentziazkoa da hezkuntza sistemak ikasleak euskalduntzea, horretarako, ikastetxe guztietan helburu hori lortzen duen eredua sortu eta ezarri behar da", azaldu dute. Kontseiluak ereduak eraberritzea lehentasun politikoko gai bihurtzea eskatu du, "berandu izan baino lehen". Aldi berean, laguntzeko prest ageri da, beharrezko diren koordinazio, sentsibilizazio eta sortze lanak egiteko.
Xabier Mendiguren Ibarretxerekin
Martin Ugalde Parkeko atzoko foroan galderak egiteko aukera izan zuten entzuleek eta Xabier Mendigurenek Estatutuak euskarari emandako tratamendua aipatu zion. Kontseiluko Idazkari Nagusiak bere Estatutu berrian proposatutakoa euskararen normalizazioan aurrera egiteko nahiko den galdetu zion. Ibarretxek euskararen bilakaerak aurrera egin duela azaltzeaz gainera, ahalegin handiagoa egin beharko litzatekeela onartu zuen. Bestetik, Estatutu berriaren eztabaidan euskarari buruz hausnarketa egiteko prest agertu zen.
Kontseilua
