Euskal Herriko Surf Federazioko kideetako batek adierazi duenez, 12 surflarietara mugatu behar izan dute parte-hartzaileen kopurua, "asko zirelako parte hartu nahi zutenak". "Berez, Galean olatuak hartzen dituzten surflarien arteko kontua bazen ere, azkenean nazioarte mailan bakarrenetarikoa den ikuskizuna antolatu dugu. Handia da erantzukizuna, baina kontu oso polita da guretzat", azaldu du. Hala ere, antolatzaile eta laguntzaileekin batera, surflariek ere nork gonbidatu erabakitzeko aukera izan dute. Aritxa Saratxaga sopeloztarrak nabarmendu duenez, "Galeako olatua ongi baino hobeto ezagutzen dutenei ez ezik, nazioarte mailan punta-puntan dabiltzan gazteei ere eman nahi izan diegu aukera".
Olatu berezia
Saratxagak berak olatu horrek dauzkan berezitasunak azaldu ditu: "olatu luzea da, 200 bat metroko ibilbidekoa. Gainera, tamainari ondo eusten dio; hartzen duzunean 4 metro edukira, apurtzen denerarte tamaina berbera mantentzen duen olatua aurkitzea zaila da". 60 metro altuerako itsas-labarreko oinean apurtzen da olatua, Abra badiako eskuinaldean, Bilboko portuaren aurrean. Lurretik hurbiltzea oso zaila denez, olatua hartzeko itsasontziz joatea komeni da, Getxoko Kirol Portutik hiru miliatara egonda. Guzman Aranaga Kultura eta Kirol zinegotzia bera liluratuta gelditu da "Galeako eskuin olatuaren berezitasunaz". Adierazi duenez, "ez nekien horrelakorik geneukanik. Gainera, bazen garaia hainbeste surflari sortu dituen herria, horrelako ikuskizun baten gune izatea. Urduri nago, Ana Urrutiaren eguraldi iragarpenen zain".
Lehiaketa berezia eta ikusgarria
Lehiaketako formatoa berezia izango da: sei parte-hartzailek osaturiko bi txanda burutuko dira eta ekitaldiak bi ordu iraungo du: ordu bat txanda bakoitzeko. Ur barruan zein kanpoan egon, parte-hartzaileak izango dira olatu handiena puntuatuko dutenak, baita surflaririk osoena, jaitsiera erradikalena eta 'wipe out' handiena burutzen duena ere. Baldintza bereziak behar dituen ekitaldia denez, abenduaren 3tik urtarrilaren 15era jarri dute txapelketa egiteko denbora. Modu horretan, ekitaldia burutzeko egun aproposena erabakitzeko aukera izango dute antolatzaileek, itsas-baldintzen arabera.
Zonalde honetako ezaugarriak direla eta, antolatzaileak eta surflariak itsasontziz joango dira uretan sartzeko erraztasun handia izan eta olatuak hobeto aztertzeko. Besteak beste, 10:00etan abiatuko dira Getxoko Kirol Portutik, 10:30ak eta 11:00ak bitartean ikuskizunari hasiera emateko. Txapelketa labarretik ikusteko aukera izango dute ikusleek, eta hizlari bat izango da. Publikoak eta komunikabideek Euskal Herriko Surf Federaziora deituz eska dezakete ekitaldiaren hasieraren datari buruzko informazioa: 944 735 125, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00ak arte; eta www.3sesenta.com zein www.euskalsurf.com web orrialdeetan. Lehiaketaren hasieraren eguna bi egun lehenago jakinaraziko da, olatu-iragarpenen arabera.
Sariei dagokienez, 4.100 euro eta Full & Cash etxeko bi surf-taula banatuko dira. Gainera, partaide guztiek 200 euroko saria jasoko dute parte hartzeagatik, antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez. Horrela banatu dituzte sariak:
- Olaturik handiena: 1.200 euro + garaikurra + txapela.
- Surflaririk osoena: 600 euro.
- Jaitsiera erradikalena: 400 euro.
- Wite out: 300 euro.