Asteburuan zehar ekitaldi anitz eta 60 salmenta-postu izango ditu Getxoko Komiki Azokak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 2a, 10:03

Getxoko Komiki Azokaren laugarren edizioa gaur bertan abiatuko da. Aurtengoan artista ospetsuak egongo dira bertan: Horacio Altuna, Joe Kelly, Carlos Ezquerra eta Ricardo (Ricardo & Nacho bikoteko kidea eta aurtengo Haxtur sariaren irabazlea eta Komiki Azokaren kartelaren egilea), besteak beste. Betiko moduan, 2.500 metro koadroko karpa handi baten babespean egingo dira jardunaldiak, Areetako Xake plazan. Barruan salmentarako 60 posturik gora, erakusketa gunea, tailerrena eta hitzaldi aretoa aurkitu ahal izango dira. Azoka 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era egongo da zabalik, eta sarreraren prezioa euro batekoa izango da. Hiru egunez, azken nobedadeak eta atzeratutako materiala ezagutu eta erosi ez ezik, bisitariek bestelako jardueren egitarau oparoa izango dute egiteko. Erakusketak, nobedade editorialen aurkezpenak, hitzaldiak, mahainguruak, egileen sinadurak, tailerrak, rol partidak eta proiekzioak. Euskarazko produktuen bila doazenek Ondarruko Luterl kultur taldearen zein Saure argitaletxe arabarraren saltokiak bisitatu gabe Areetatik ateratzerik ez dute izango.

Gonbidatutako egileek jarduera ezberdinetan parte hartuko dute. Zaletuei autografoak ematen ere jardungo dute, jakina. Hauen artean Horacio Altuna nabarmendu gura genuke, Argentinako istorieta-egilerik onenetako bat, "emakumezkoen gorputza ederki marrazten duelako oso ezaguna", antolatzaileen hitzetan. Marrazkilari beterano horrek lau hamarkada daramatza jardunean. Besteak beste "El loco Chavez", "Ficcionario", "Familia Tipus El último recreo", "Hot L.A." eta "Imaginario" lanak sortu ditu. Istorio labur mordoa ere idatzi du "Playboy" bezalako argitalpenetarako.

Judge Dredd-en marrazkilaria

Autorerik ezagunenetako bat Carlos Ezquerra da. Pertsonaia oso ezagunak sortu ditu (Judge Dredd, esate baterako) eta Iparramerikako komiki garrantzitsuetarako egin du lan ("Bloody Mary", "Lobo", "Hitman", "La brigada de fusileros"...), baita ingelesetan ere ("Al´s Baby", "The Stainless Steel Rat", "The Third World War", "The Bada Man"). Ia 35 urteko ibilbide profesionalarekin, mundu osoan errespetu handia diote.

Haiekin batera, Joe Kelly gidoilari iparramerikarra izango dugu, 90eko hamarkadaren erdialdetik hona Marvel argitaletxeko autorerik ezagunenetako bat; bertan "Deadpool", "X-Men", "Daredevil", "What If" eta "Marvel Fanfare" bildumetan jardun du, besteak beste. Marvel utzi ondoren, beste komiki argitaletxe handi batera sartu zen, DC, pertsonaia garrantzitsuetarako gidoiak idazten (Superman eta Justice League of America, adibidez). Lan hau bere egitasmo pertsonalenarekin uztartzen du: "Steampunk". Gainera, zinemako eta telebistako gidoilari karrera bikaina ari da egiten.

Gonbidatutako egileez gain, Getxoko Komiki Azokan beste sortzaile batzuk ere izango dira: Jose Luis Martin, Oscar Nebreda, Albert Monteys, Manel Fontdevilla, Ismael Alvarez, Fabrice Neaud, David Rubin, Raquel Alzate, Fermin Solis, Juanjo el rapido, Javier de Isusi, Pepo Pérez, Ken Niimura, Pedro Rodríguez, Rober Garay eta Manuel Bartual.

Produktu berriak, hitzaldiak, proiekzioak, erakusketak...

Azokan garrantzi berezia izaten dute nobedadeen aurkezpenek. Aurtengoak zenbait argitaletxek eta egileek beraiek aurkeztuko dituzte. "Hori izaten da, hain zuzen ere, zaletuek gehien itxaroten duten uneetako bat; izan ere, gustukoen dituzten sortzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten baitute, sinadura garaian, aurkezpenetan, hitzaldietan edo mahainguruetan", antolatzaileek azaldu dutenez. Bestetik, azokako hitzaldi aretoan egunero izango dira hitzaldiak eta mahainguruak.

Horietaz gain, proiekzioak ere egongo dira, asko eta asko ziklo benetan interesgarrietan taldekatuta. Multimediak direla, animazioak direla... laburmetraiak, dokumentalak edo animeak, ikusleek komikiaren munduarekin loturiko mota askotako zineaz gozatzeko aukera izango dute. Azokako eskaintza zabalagoa da, ordea. Izan ere, Getxoko Kultur Etxeak zenbait jarduera antolatu ditu hilabete honetan komikiarekin lotuta. Zine zikloetan, esaterako, Cinema Paraisok, Zine Klubak eta Haur Zinemak komikiarekin lotutako filmak emango dituzte. Gainera, Komiki Azoka dela eta, Getxon izango da "Gisaku" filmaren aurrestreinaldia, Europan egin den lehenbiziko 'anime' filmea alegia.

Azkenik, Xake plazako aretorako prestatu dituzten erakusketen artean, Ricardo & Nachoren (kartela sortu dutenak) Goomer pertsonaiarena nabarmendu dute antolatzaileek. Horretaz gain, Don Celes izeneko monografikoa izango da ikusgai, Luis del Olmo umoregile grafikoaren omenez. Baita "TOS" aldizkariaren ibilbidearen erakusketa eta "El Balanzin" sortu berriaren gainekoa ere, orain dela gutxi desagertu baita. Bukatzeko, "Samurais, otros tiempos, otras culturas" erakusketa.

Karpatik kanpo

Hori guztia karparen barruan ikusi ahal izango dugu. Karpatik kanpo, berriz, Algortako eta Itzubaltzeta / Eromoko erakusketa-aretoetan eta Getxoko zenbait lokaletan sei erakusketa izango, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren (EIEP) laguntzari esker: Kike Martinez, Dani Maiz, Raquel Alzate, Martin de Diego eta Alex Orberena, hain zuzen ere. Amaitzeko, udal liburutegiek eta Getxoko liburu-dendek ere euren ekarpena egingo diote azokari. Liburutegietan komiki aukera berezia eskainiko zaie irakurleei eta dendetan, aldiz, komikiak erosten dituztenei sarrerak oparituko dizkiete.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun