Getxo Ekinean lana sortzeko egitasmoan parte hartu dutenen %52k du lana

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 2a, 21:27

Enplegua eta Ekonomi Garapenerako Udal Zentroak (Behargintza) sustatutako Getxo Ekinean egitasmora bildutakoen %52k lan kontratua du gaur egun, tokiko agintariek adierazi dutenez. Iñaki Zarraoa alkateak eta Begoña Ezkurra Getxoko Udaleko Langile eta Antolaketa Arloko zinegotziak gaur goizean aurkeztu dute 102 lagun bildu dituen programaren balantzea. Euren hitzetan, "%7,42koa da udalerriko langabezi tasa, Bizkaikoa baino txikiagoa". Zarraoak nabarmendu duenez, “udalerritik bertatik errezagoa da langabeziaren eta lanaren arazoari aurre egitea, bai pertsonen egoera , bai herriko eta inguruetako sare ekonomikoa hobeto ezagutzen delako”. Getxo Ekinean tokiko erakundeko Enplegua Sustatzeko Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da. Argazkian, Getxoko Behargintza.

Hirugarren adinari, haurtzaroari eta menpeko pertsonei eta baztertuak izateko arriskua duten pertsonei bideratutako zerbitzuetan lana ematea eta enpresak dinamizatzea izan dira 2004 eta 2005ean garatu den ekimenaren helburua, gaur goizean, Getxoko udal arduradunek azaldu dutenez. Eman dituzten datuen arabera, kontratua lortu duten 53 lagunetatik 31k egitasmoari lotutako sektoreetan lortu dute lana –horietako bik gainera enpresa propioa sortu dute– eta gainontzeko 22ak bestelako lanbidea dute.

Getxo Ekinean, nagusiki, lana bilatzeko zailtasun handiak dituzten lagunei eta langabezian diren andrazkoei dago zuzenduta. "Oinarrizko errenta edo gizarte soldata jasotzen dutenek, langabezian denbora asko daramatenek, ikasketa gutxi duten gazteek, 40 urtetik gorakoek edo bere lehen beharra bilatzen duten bizilagunek, guzti hauek ere parte hartu ahal izan dute egitasmoan", nabarmendu du Begoña Ezkurrak. Horretaz gain, egitasmora bildutako gehienak (%74) emakumeak direla aipatu du Langile eta Antolaketa Arloko zinegotziak. Bestalde, Getxo Ekinean egitamoaren balantzearen arabera, partehartzaile gehien (53 guztira) izan duen arloa hirugarren adinekoa eta zaindu beharra duten pertsonena izan da. Beste 18 lagunek trebakuntzarekin jarraitzea erabaki dute. Ehun bat partehartzailetatik zati handi batek gaur bertan jaso du trebakuntza aldia amaitu dutela egiaztatzen duen diploma, Fadura kiroldegiko batzar aretoan egindako ekitaldian.

Enpresekin elkarlanean

Egitasmoaren bigarren jarduera eremu batek enpresengan du eragina, inguruko enpresa eta erakundeekin harreman eta "lankidetza arrunta sendotu" nahi delako, udal arduradunen hitzetan, Getxo Ekinean parte hartzen dutenen lan-praktikak egin eta lanpostuak lortu aldera. Horren harira, bi urte hauetan Getxoko Behargintzarekin lankidetzan jardun duten enpresak 387 izan dira, balantzearen arabera. Horietatik, 75ek lana eskaini dute eta beste 54k, berriz, praktikak. Beste 256 elkartek Haurtzaroa, Hirugarren Adina eta Arreta behar duten Pertsonentzako Zerbitzuen Gidaliburua egiten lagundu dute. Gidaliburu horretan, publikoak zein pribatuak izan, Getxo udalerrian dauden hurbiltasun-zerbitzuen ganeko informazioa jasotzen da.

Getxo Ekinean egitasmoak 626.000 euroko aurrekontua izan du, Getxoko Udalak (%30), Bizkaiko Foru Aldundiak (%25) eta Europako Gizarte Fondoak (%45) finantziatuta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun