Blogak euskaraz sortzeko webgunea kaleratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 3a, 18:25

Software librearen garapenean jarduten duen Elurnet enpresak www.blogari.net webgunea kaleratu berri du, interneteko erabiltzaile euskaldunek euren ideiak euskaraz azaltzeko txokoak edo blog-ak sortu ditzaten. "Blogak informazioa era erraz eta azkarrean zabaldu nahi dutenentzako komunikazio tresna bat da", Susi Rodriguez Elurneteko arduradunak atzo emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez. "Teknologia berriak gero eta gehiago sartzen ari dira gure bizitzetan eta jendeak beren egonezinei irteera emateko gauza gehiago eskatzen du", gaineratu zuen.

Gorka Julio proiektuko arduradunak tresnak harrera "oso ona" izan duela jakinarazi zuen, "orain arte ia 90 blog sortu baitira, eta sortzaileak tankera guztietako erabiltzaileak dira: irakasleak, ikasleak, elkarteak...". Era berean, blogari.net-en erabilera azaltzerako orduan, blogak lehenik sortu eta, gero, horiek kudeatzeko "erraztasuna" nabarmendu ditu Juliok, baita bilaketak egiteko edo artxiboa bezalako zerbitzu bereziak badaudela ere. Orainarte existitzen ziren blog komunitateekin alderatuz, honetan "ez da baimenik eskatu behar blogak sortzeko da, dena automatikoki eta minutu gutxitan egiten da eta, gero, aplikazio ezberdinalk erabiltzen ditugu", adierazi zuen ekimenaren arduradunak.

Euskarazko blogak sustatzen dituen tresna honetako gaiak oso ezberdinak dira euren artean, gehienak blog pertsonalak direla: egunerokoak, bertsoak, abestiak edota aldarrikapenak. Aukera informatikoei dagokienez, RSS formatuko fitxategiak, beste erabiltzaileekin elkarrizketak mantentzeko aukera edota podcasting-a (irrati-saioen garapena) nabarmendu daitezke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun