Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Gida aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 4a, 19:34

Atzo goizean aurkeztu zuten Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Koordinadorak eta Gaztesareak elkarlanean egin berri duten gida. Egiako Ametsenea gaztetxea zegoen lekuan, hondakinen artean, egin zuten aurkezpena, eraikinak botata ere ametsak ezin direla desalojatu adierazteko. Gidan 140 gaztetxe eta gazte asanblada baino gehiago agertzen dira, tartean eskualdeko Itzubaltzeta eta Udondo gaztetxeak eta Berangoko eta Sopela eta Urdulizko gazte asanbladak. Gainera, gidak zabaldu diren azken gaztetxe batzuei buruzko erreportajean aurreko Itzubaltzeta gaztetxearen desalojoaren eta egungoaren okupazioaren kronika egiten du. Argazkia: Gaztesarea.

Aurkezpeneko testua:

Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladek eta Gaztesareak elkarlanean argitaratzen dugu gida hau. Gida Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbadak irudikatu eta gure komunikazio eta harremanak hobetzeko tresna bezala kaleratzen dugu. Gaur egun mugimendu eraberritu honen beharrak asetzeko eginiko lana aurkezten dugu non hamaika txokotako gaztetxe eta gazte asanbladek beraien egoera, antolamendu eta bitxikeriak adierazten dizkiguten. Beraz adi eta eskuratu zure gida!

Gidaren hitzaurrea: Urte osoan da udaberria Euskal Herrian

Gida honek argia ikusterako zahar itxura hartuko du, gure herriko gaztetxe eta gazte asanbladen mugimenduaren bizitasunak eraginda lore berriak hazita egongo baitira. Zoritxarrez, Gidako norbait ilunduko zuen udaberria moztu nahiean dabilen mamu urdin, gorri edo berderen batek; baina, lorategi baten erradiografia izaten jarraituko du Gaztesareak eta Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Koordinadorak osatu dugun Gidak.

Gida hau tresna bat da, historia liburu bat da, helbidetegi bat, bizitzaren eguneroko bat eta hazteari inoiz uzten ez dioten lore horien uzta. Dirua lege den tokian ere jabego pribatuaren diktadurari parez pare begiratzeko gai den udaberriaren uzta da, diruaren baloreen aurrean balore kolektiboetan oinarritzen den lorategiaren uzta.

Diruaren agindupean dabiltzan morroxko urdin, berde eta gorriek udaberria geratu nahi dute loreak zanpatuz baina, Pitxuren itzala, euskal jaia, ametsen gotorlekua, hori bai! dioena edo senari kasu eginda muinotik autogestioaren aldeko oihua egiten duena lore-begietan mantentzen dira.

Lore guzti hauek (eta Gidan falta direnak) udaberria geratuko duenik ez dagoenaren lekuko dira!

Euskal Herriko Gaztetxeak bizirik

Gaztetxeen agerpena, gazteok geure irrikak asetu eta garatzeko behar baten ondorioz izan zen. Herri ezberdinetako gazteek elkar ezagutu gabe herri, hiri eta auzoetan biltzen hasi ziren sinisten zuten proiektu batean lanean hasteko. Haiek garbi zeukaten ezinezko zutela zetozkien jendarte ereduekin; nahi bezala beharrak asetu. Honen guztiaren ondorioz, lerro hauetan gutxi dirudien arren, jendarte mugimendu hau gauzatzen hasi zen.

Pentsamolde honi dagokion filosofia autogestioan eta asanblearismoan oinarritu izan da, hau baitzen berdintasuna, guztion partehartzea, errespetua, elkartasuna, modu askean sustatzen eta burutzen zuen funtzionamendua. Asanbladak, herriko gazte askoren topaguneak izan dira eta ilusio biziz mugarik gabeko helburuak gauzatzen ditugu.

Egun, mugimendua eraberritzen ari da, belaunaldi berriak batuz eta aurrekoekin elkarlanean mugimendua trinkotuz,okupazioa tresnatzat hartuta. Betiko helburuak mantenduz, etorkizunerako apostu berriak jorratuz. Honek guztiak hain polita dirudien arren, betidanik izan dugu bidea oztopatzen duen sistema maltzurra, interes ekonomikoak beste edozerren aurretik jartzen dituena: desalojo, epaiketa, isun, jipoi, bazterketa eta kriminalizazioen bidez. Hala ere, ez dira konturatu ideiak ezin direla inposaketa eta indarkeriaren laguntzaz deuseztatu.

Garaiko egoeraren ondorioz, Euskal Herriko Gazte Asanblada eta Gaztetxeen Batzarra eratu da etorkizuneko erronkei elkarlanean aurre egiteko. Komunikazio eta arazo amankomunei bide ematea da gure helburu nagusienetarikoa.

Azkenik, Euskal Herriko gazte asanblada guztiok dugu proiektu handi hau aurrera eramateko erantzukizuna, jendartearen babesa geureganatuz eta mugimendua zabalduz eraldaketarako bidean.

Bizirik bizitzeko gaztetxea egunero! Herri bat, gaztetxe bat!

Gaztesarea tresnak sortzen

Orain ia hiru urte sortu zen Gaztesarea proiektu komunikatiboa. Hasieratik, gazte mugimenduari bitartekoak eskaintzea izan du helburu. Info gunean, batez ere, gazte mugimenduari bitarteko zehatz horiek sortzeko lana egin da eta gida hau sortzeko beharra ikusi da. Iaz, Musikale ataletik ikusi zen Musikagida egiteko beharra, horrekin musika talde gazteei eta hauen musika gozatu nahi izaten dutenei bitarteko bat eskura jarriz, aurten, Koordinadorarekin elkarlanean gida hau osatu dugu.

Askotan dispertsoa ageri da gaztetxe eta gazte asanbladen mugimendua. Normalean, desalojoren bat edo okupazioren bat dagoenean ematen dute hedabideek mugimendu honen berri, eta istiluren bat tarteko denean, gehienean. Gida honetan, modu xumean bada ere, errealitate hori islatzen dugula uste dugu. Lehen aldiz, Euskal Herri osoko mugimendu honen errealitatearen erradiografia osatu dugu hemen.

Zoritxarrez, eta zorionez, aldakorra da oso gaztetxeen errealitatea. Desalojoak eguneroko albiste dira,... baina, baita okupazioak ere! Horregatik egin nahi izan dugu aurkezpen hau Ametsenea gaztetxea zenean. Hemen, Poliziak eraikin bat bota zuen, gazteak kolpatu zituen eta ametsen topaleku zena deuseztu nahi izan zuen... baina, ez dute lortu. Lore bat kendu orduko beste hamaika hazten direlako. Gaur, hemen, desalojo guztiak salatu nahi ditugu eta eraikinak botatzen badituzte ere, gida honetan erakusten den errealiatea euren borrak baino indartsuagoa dela erakutsi nahi dugu.

Durangoko azokan...

Gaztesareak eta Xirikak gazte mugimenduarentzako komunikazio tresna izan nahi dute. Durangoko liburu eta disko azokan gazte sortzaileen eta gazte mugimenduaren stand-a jarri nahi dugu. Iazko apustuari heldu eta hiru stand izango dira Durangon. Bertan, gazteriak ekoiztutako produktuak erakusgai eta salgai jartzea da gure asmoa. Bi stand Landako Erakustazokan izango dira eta beste bat Sapuetxeko Azoka antikomertzialean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun