Gaur arte 46.000 euskal herritar baino gehiagok esan diote bai euskal naziotasunari. Milaka herritarrek EHNA eginaz beren borondatea adierazi dute. Euskal Herria hautatu dute, Euskal Herria aitortzen dute eta Euskal Herria bizi nahi dute. Ukazioen gainetik, eskuz esku Euskal Herriaren izana eta eguneroko praktika lotzeko tresna eskuratu dute.
Aurten ere abenduaren 6an 100 lantegi baino gehiago irekiko dira, hamarnaka ikastetxe, komertzioak... hainbat eta hainbat sektoretatik urteetan buruturiko lanari esker; jai egunez mozorroturik datorkigun zapalkuntzari erantzungo diogu. Goizean hainbat eragileen artean antolaturiko herri eskoletan parte hartzeko deialdia luzatzen diogu euskal ikaslegoari eta arratsaldeko 19etan Durangoko udaletxearen aurretik
abiatuko den manifestaldian parte hartzeko deia luzatzen diogu euskal jendarte guztiari.
Euskal Herriko Naziotasun Aitormena
"EHNA eskuan, Euskal Herri osoan" lelopean burutuko da manifestazioa. Inork inposatuko ez digun naziotasunaren jabe garelako, Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren deiadarra zabaldu nahi dugu.
Ni euskal herritarra naizelako eta gu euskal herritarrak garelako osatzen dugu Euskal Herria. Euskal Herriaren oraina eta geroaren jabe izan nahi dugun herritarrak garelako egin eta erabiltzen dugu EHNA.
Abenduaren 6an Durangon burutuko den nazio manifestazioa udaletxearen aurretik abiatuko da, iluntzeko 19:00etan. Amaiera, berriz, Andramari Elizpean burutuko den ekitaldiarekin emanen zaio. Bertan, txalapartari, bertsolari, eta bideo baten emankizuna izango dira, besteak beste.
Ekitaldian zehar Bai Euskal Herriari herri ekimeneko kideez gain, Udalbiltzako arduradun batek ere hitza hartuko du. Bestalde, 18/98ko auziperatuak ere parte hartuko dute, bai manifestaldian bai eta ekitaldian ere. Bai Euskal Herriari ekimeneko kideok hitza emango diegu Euskal Herriaren aurkako epaiketa den 18/98an auziperatu diren emakume eta gizonei.
Bai Euskal Herriari herri ekimena