Abenduaren 6an Euskal Curriculumaren aldeko Eguna deitu du Euskal Herriak Bere Eskolak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 5a, 22:34

Urtero legez, milaka gara abenduaren 6ari begira kalera ateratzen garen euskaldunak egutegi propio baten aldarrikapenaren atzean. Aurtengoa, ordea, ez da beste jai egun arrotz bat gehiago izango: Euskal Herriak Bere Eskolak abenduaren 6a Euskal Curriculumaren aldeko Eguna deitu du. Esan beharra dago LAB, Ikasle Abertzaleak, Sortzen-Ikasbatuaz eta norbanako ugari izan ditugula bidelagun, buru belarri egun honi begira lanean. Argazkia: Urrian aurkeztu zuen "Euskal Curriculuma Herriz Herri" ekimena EHBEk / Gaztesarea.

Euskal Curriculumaren egitasmoa aurrera doa eta herriz herri urriaren 22an martxan jarritako ekimena igande honetan amaitu bada ere, Euskal Curriculumaren aldeko jendarteratze lanetan jarraituko dugu aurrerantzean ere. Eta abenduaren 6a bera, Euskal Curriculumaren alde indarrak bildu eta ekarpen zein eztabaida praktikoak egiteko baliatuko dugu. Batetik, dozena bat ikastetxek euren ateak ofizialki irekiko dituzte egun honetan, egutegi propioa praktikan gauzatuz eta EAEko Hezkuntza Sailetik jarri diren oztopo zein mehatxuei muzin eginez.

Bestetik, goizeko 9tatik aurrera Euskal Herri osoan zehar hamarnaka izango dira, ofizialki ez bada ere, Euskal Curriculumaren aldeko Eguna burutzeko irekiko diren ikastetxeak. Bertan Euskal Curriculumaren inguruko eztabaida praktikoak egingo dira batetik, eta herri jakintza ezberdinen inguruko saioak bestetik. Euskal Herriak Bere Eskolak dei egiten die euskal irakasle, ikasle, guraso eta herritarrei antolaturiko saioetan parte hartu dezaten guztion artean Euskal Curriculumaren bidean beste urrats bat eman dezagun.

Azkenik IAk eta LABek eguerdian antolaturiko mobilizazioekin bat egin eta bertan parte hartzeko deia zabaltzen dugu Euskal Herri osora.

Euskal Herriak Bere Eskola
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun