IAren prentsa oharra:
Bihar, urtero legez, ikasleok intsumisioa planteatzen dugu jai egun arrotzen aurrean. Izan ere, gure ustez, ez dago zer ospaturik Espainiar Konstituzioaren Egunean.
Aurtengoan, bi ekimen garrantzitsu daude Abenduaren 6ean:
- Herri Eskolak: IAk herri eskolak antolatu ditu ikastetxe eta campusetan, EHBE (Euskal Herriak Bere Eskola) eta LAB sindikatuarekin elkarlanean. Herri Eskola hauetan euskal curriculuma eta jai egun propioak aldarrikatuko dira.
- Mobilizazioak: IAk mobilizazioak deituko ditu eguerdian herri eta hirietan kultur eskubideen alde,"Ikasleok intsumisioaz... Euskal Curriculuma" lelopean.
IAtik dei egiten diegu ikasle guztiei parte har dezaten biharko herri eskola eta mobilizazioetan, euskal curriculuma eta jai egun propioak aldarrikatzeko.
IAk azaroaren 14an zabaldutako prentsa oharra:
Ikasleok intsumisioaz, abenduak 6 klasera!
Baionan Herri Eskolak egiten ari ziren momentuan Markinan abenduak 6 ere klasera joateko deialdia luzatzen zen.
Gaur, frantziar estatuak ipar Euskal Herrian inposatzen duen jai-egun hontan, euskal ikasleok gure jarrera intsumisoa zabaldu nahi dugu, gure agurrik beroena ailegarazi nahi diegu jai-egun inposatuen gainetik herri eskoletan bildu diren euskal ikasleei, atzo, gaur eta aurrerantzean autogestioaren aldeko hautua egin eta egingo duten ikasle guztiei.
Baina gaurko egun hontan gure lorpenak eman nahi ditugu aditzera, aurten, ikasle mugimenduaren urteetako errebindikazioa gauzatuz, ehundaka ikasle klasera joango gara, izan ere, aurreko urtean EHBE-k aurrera eramandako aldarrikapenei esker Euskal Herriko hainbat ikastetxek ateak zabalduko dituzte konstituzioaren egunari intsumisioa eginez eta Euskal Herriko jaien aldeko hautua eginez. Aurten ez dugu inposatutako jai hau ospatuko bere ordez Euskal Herriko jai bat ospatuko dugu. Ikasleon ahotsak eskatu zuen moduan ikastetxe hauek ateak zabalduko dituzte, arkatzak zorrozteko garaia ailegatu bait da, Euskal Herriko jai egunen aldeko hautua egiteko ordua ailegatu da.
Hala ere, gure eskubideen alde borrokarako deia zabaldu nahi dugu, guk lortu badugu ere, asko dira mehatxupean atzera bueltatu behar izan duten ikastetxeak, euren ikasleek kontrakoa adierazi bazuten ere, inposatutako jai-eguna ospatuko duten ikastetxeak, gure kultura ukatzen duten ikastetxeak…
Honen guztiarengatik deia zabaltzen diogu euskal ikasleriari abenduaren 6ean klasera joan dadin “Ikasleok intsumisioaz… Euskal Curriculuma!” lelopean eta gure eskubideen kartaren defentsan azaroaren 17an borrokara lotu dadin.
Ikasle borrokaz eskubideak lortu! Jai egun arrotzei, intsumisioa!