Ekimen berri horren bitartez, hondakinak sortzen direnetik bereizteak duen garrantzia nabarmendu eta birziklapena "katea" dela garbi utzi nahi da; "norberaren barruan hasi eta ondoren erakunde publiko zein pribatuen eginahaletan luzatzen den katea, alegia", Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak atzoko prentsaurrekoan nabarmendu zuenez. Bere hitzetan, gizabanako askoren "kate-lana" da birziklapena eta "horrek ahalbidetzen du kateak aurrera egin dezan". Zentzu horretan, lehen urratsa "zarama etxean bertan bereiztea" dela adierazi zuen udal arduradunak. Zarama bereizteak ingurumena zaindu, energia eta lehengaiak aurreztu eta getxoztar guztien bizimodua hobetuko dituela gogora ekarri ekarri nahi du kanpainak.
Funtsezko filosofia horri eutsiz, kanpainaren gaineko 30.000 eskuorri banatu eta dendetan, ikastetxetan eta erakundetan 1.800 kartel ipiniko dira, baita zarama bereiztea eskatzen duten pegatinak ere, hondakinak batzeko edukiontzietan.
Udal Ingurumen arlotik eskerrak eman diete euren aipamen eta ekarpenekin kanpainan lagundu dutenei, “herritarrei hurbilago egingo zaielako liburuxketan beren herriko beste bizilagun batzuk ezagututa”, zehaztu zuen Fernando Burzakok.
Datuak
Getxoko Udaleko Ingurumen zinegotziak adierazitakoaren arabera, "urtetik urtera antzekoa" izaten da udalerrian jasotzen den zarama kopurua. "33 eta 35 mila tona artekoa izaten da jasotzen den zarama kopurua. Horietatik sei mila tona inguru herritarrek birziklatzen dituzte euren etxeetan eta 27.000 tona, gutxi gora behera, izaten dira zabortegira zuzenean doazenak", Burzakok zehaztu zuenez. Nahiz eta "Getxo udalerrian kontsumo indize handiak" eman, "zuzenean zabortegira doan zabor kopurua gutxitu eta birziklatzen dena handitu" beharko litzatekeela uste du Burzakok. Bide horretan, edukiontzi gehiago jartzen dira urtero, "egoerari bultzada berria emateko asmoz".
Garbigunea eta transferentzia planta
Garbigune berriari buruz galdetuta, transferentzia plantarekin batera zegoela pentsatuta adierazi zuen atzo Iñaki Zarraoa alkateak, "astelehenetik igandera, egun osoko zerbitzua emateko asmoz". Udal agintariak azaldu zuenez, "transferentzia planta zabaltzeko moduan dago jada. Hala ere, hondakinak zabortegira eramaten jarraitzen dugun bitartean, zentzurik ez dauka martxan jartzeak". Gauzak horrela, zabortegiaren auziari konponbidea bilatu arte ez dute zabalduko.