Algortako gaztetxe berria martxan da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 6a, 11:57

Zorionak Algortako gazteriari, gaztetxe berri bati bizia eman baitiote. Atzo okupatu eta jada hasi dira eraikina garbitzeko eta txukuntzeko lanak, zeinean Algortako gazteria bere topaleku izango duten. Gaztetxea, gaur gazteok daukagun tresna bat da, inposatzen gaituen sistema honi aurre egiteko eta alternatibak eraikitzeko. Argi utzi nahi dugu gauza bat: gaztetxeak ez dio umekeria bati erantzuten, gazteon beharrei baizik; eta gazteok, jendartearen parte bat garen einean, behar sozial bati erantzuten dio ere bai. Milaka gazte antolatzen, biltzen eta ondo pasatzen dugu Euskal Herri osoko gazte asanbladei eta gaztetxeei esker. Milaka ekimen desberdin egiten ditugu: kontzertuak, antzerkia, hitzaldiak, mahai-inguruak… Argazkian, Algortako gazteek okupatu berri duten Mentxakabarri etxea.

Uribe Kosta eskualdea ez da edozer gauza, 100 gazte baino gehiago antolatzen baikara gazte asanbladetan (Leioa, Itzubaltzeta, Algorta, Berango, Sopela, Urduliz eta Plentzian) eta milaka gazte hartu dute parte egin ditugun ekintzetan. Mugimendua garelako sortu genuen koordinadora, komunikazioa lantzeko gure artean eta, baturik, gauzak aurrera ateratzeko. Horregatik gaude denok hemen Algortari babesa emateko.

Baina batzuk ez dute gu existitzea nahi. Gaztetxeei beldurra diete, gazteok batzen garelako eta gure arazoei erantzun kolektiboak ematen dizkiegulako. Hemengo alkate jaunak, adibidez, azken 6 urteotan 5 gaztetxe bota ditu… Zeri dio beldurra Zarraoa jaunak? Zergatik bidaltzen du polizia guri oldartzera? Beste motatako jendarte bat nahi dugulako, eta Algorta berri bat eraiki nahi duelako hemengo gazteriak.

Argi eduki behar dute gauza bat: gaztetxe bat kolpatzen badute, guztiok kolpatzen gaituztela, eraso hauen aurrean denok baturik egongo garelako, "Herri bat, gaztetxe bat" aldarrikapenaren atzean denok gaudelako.

Uribe Kostako Gazte Asanbladen Koordinadora
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun