Itxaso Paya algortarrak irabazi du Balendin Enbeita sarietako bat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 6a, 12:47

Joan den asteartean erabaki zuen Trino Azkoitia, Juanjo Respaldiza, Mirari Azula eta Iñaki Aurrekoetxeak osatutako epaimahaiak Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatutako Balendin Enbeita VII. Saria bertsopaper lehiaketako irabazleak zeintzuk izan diren. Hain zuzen ere, gazteen atalean, hirugarren postua erdietsi du Itxaso Paya algortarrak, “Hiltzeko berandu” lanarekin. Sari-ematea abenduaren 10ean izango da, Algortako Getxo Antzokian, batera egingo diren VI. Ahobien Gala eta ALBEren 25. urteurreneko jaian. Horiek eman ez ezik, beste hainbat ikuskizun eta entzunkizun egongo dira ekitaldian: "25 urte, 25 irudi" bideo emanaldia, Ahobi sarien banaketa... Horretaz gain, Enbeitiatarrek eta Payatarrek aurrez aurre egingo dute bertsotan. Nahiz eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako txartela eskuratu ez duten arren, horretan maila ikaragarria erakutsi duten Xabi eta Fredi bere anaiekin batera neurtuko ditu indarrak, Jon, Oihane eta Onintza aita-alaben aurka, Itxaso gazteak. Herriko Afrika Bibang abeslaria izango da aurkezlea. Argazkian, (ezkerretik eskuinera) Itxaso Paya eta Jone Uria Korrikan, Arrate Illarok lekukoa eskuetan duela / ALBE.

Balendin Enbeita sarien aurtengo edizioan 58 bertso-sorta aurkeztu dira, ALBEk jakinarazi duenez. Helduen atalean, Arkaitz Estiballes galdakaoztarraren “2002ko iraila”, Oihane Enbeita gernikarraren “Bilosik” eta Nikolas Zendoia aiarraren “Maitia nun zira?” lanek eskuratu dituzte lehenengo, bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren. Gazteen atalean, berriz, Alaia Martin oiartzuarra (“Hirurehun eta bat”), Oier Aizpurua zarauztarra (“Erdibidean”) eta, lehen aipatu bezala, Itxaso Paya algortarra (“Hiltzeko berandu”) izan dira sarituak.

Abenduaren 10eko VI. Ahobien Galaren baitan egingo den ALBEren 25. urteurreneko jaiaren egitarauari dagokionez:

19:00 Ongi etorri koktela: pintxoak eta edaria Getxo Antzokiaren sarreran.

19:30 Bertso musikatuak. ALBEko gazteen bertso jarriak, Roberto Etxebarriaren eskusoinuak eta Kepa Arrizabalagaren panderoak lagunduta.

19:40 Bertsosaioa. Enbeitiatarrak (Jon, Oihane eta Onintza aita-alabak) eta Payatarrak (Fredi, Xabi eta Itxaso anai-arrebak). Gaijartzailea: Asier Ibaibarriaga.

20:20 Balendin Enbeita bertsopaper-lehiaketako sari-banaketaren atarikoa. Balendinen omenezko abestia Jon Enbeitak eta Irineo Ajuriak kantatuta.

20:25 Balendin Enbeita bertsopaper-lehiaketaren 7. edizioko sari banaketa.

20:40 Jon Enbeitaren bertso musikatuak, berak abestuta gitarra lagun.

20:45 Bideo emanaldia. ALBEren historia 25 iruditan: "25 urte, 25 irudi".

20:55 Ahobi sarien banaketaren atarikoa. ALBEko gazteen bertso jarriak, Roberto Etxebarriaren eskusoinuak eta Kepa Arrizabalagaren panderoak lagunduta.

21:05 Ahobi sarien banaketa eta aurreskua. Sari-gaia: bertso-jartzaileak, ibilbide luzea egindakoak.

21:25 Amaiera musikala. "Masuste koloreko" kopla zaharren kantaketa polifonikoa, Roberto Etxebarriaren eta Kepa Arrizabalagaren laguntzaz eta Josu Landetak zuzenduta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun