Barandiaran institutuko IAk salatu duenez, bertan herri eskolak egiteko baimenik ez du eman zuzendaritzak, "arazoak sortu daitezkeela" argudiatuta. Astebururo, zentroko patioa zabaltzen du Leioako Udalak, bertan jolastu ahal izateko, gaur ere gauza bera egin dute. Besteak beste, gosariarekin eman zaie hasiera, 10:30ean, gaurko Sakoneta kiroldegiko ataurrean antolatutako jarduerei. Gorputza berotu ondoren, Leioako jakintzari buruzko hitzaldia eskaini du Gorka Jauregizuria Getxoko Udal Euskaltegiko irakasleak. Harrera beroa jaso du jarduerak, "Leioako historia gai horren hurbila izanik, horrelako kontuak ikastetxeetan ez direlako ematen", hizlariak azaldu duenez. Hain zuzen ere, Jauregizuriak emandako argudioak irriak ere piztu ditu bertan bildutako 24 neska-mutilen artean. Leioa noiz eta zelan sortu zen, herritarrek zertan lan egiten zuten (nekazaritza, abelzaintza...), bertoko berbak, atzotitzak, adinekoen kontuak... izan ditu hizpide euskara irakasleak.
Bitxikeri ugari
Orain urte batzuk, 1978a aldera, AEKk Leioan egindako euskara ikasteko gogoari buruzko azterketa ere ekarri du gogora Jauregizuriak. Emandako datuen arabera, garai horretan Burgosen jaiotako 600 lagun bizi ziren herrian. Leioa kanpotik (jatorria bata edo bestea izan) etorritakoak biztanleen %55-60a ziren. Egoten ziren migrazioei dagokienez, gehienbat aberatzak ziren herritik joaten zirenak, irakasleak azaldutakoaren arabera: Eta gezurra badirudi ere, Portugalerera zihoazen. Hortik Negurira, eta ondoren Madrilera.
Azkenik, Atheticek Lamiakon jokatzen zueneko garaia, Gerra Zibilean bertan zegoen aeroportuan zenbat bonba erori ziren, Udondoko errotaren gaineko kontuak, Leioako azken euskaldun elebakarrak erdera nola ikasi zuen eta beste hainbat bitxikeri ere kontatu ditu Jauregizuriak.