Algortako gazteok 14 urte inguru hutsik zegoen Mentxakabarri etxea okupatu genuen atzo. Badira urte batzuk herri honetako gazteria gaztetxe baten beharra aldarrikatzen hasi zenetik. Baina ez ziren aldarrikapenetara mugatu eta, gaurkoan ari garen moduan, alternatibak sortzen hasi ziren gazteon behar eta ametsak asetzeko. Gaztetxea honetarako tresna paregabea izanik. Algortako gazteok kontziente gara honelako proiektuek boterearengan duten eraginaz eta agintariei sortzen dieten ezinegonaz. Sastraka, Kutxitril, Burdinola, Maidagan eta Aixerrota etxeetan egiaztatu ahal izan baikenuen errepresioa. Argazkia: Uribe Kostako gazte asanbladen eta gaztetxeen zein neska-mutil ugariren babesa jaso du gaurko agerraldian Algortako Gazte Asanbladak.
Etxe honetan sartu ginen momentutik ere bueltaka izan dugu polizia eta hogei gazte identifikatu dituzte jada. Baina ez gara makurtuko; gazteon ametsak eta indarrak mehatxuekin edota etxeen suntsipenaren aurrean ere ez direla erortzen ikusi ahal izan dugu urteetan zehar. Gazteriak tinko jarraitzen du, gaztetxea eraikiko dugun ilusio eta ziurtasunarekin; gazteok badakigulako gure buruen eta etorkizunaren jabe izan nahi dugula, eta inposatzen dizkiguten aisialdi eta bizi-ereduak ez ditugula nahi.
Beraz, dagokigun esparru autogestionatu hori aitortzen ez zaigun bitartean, alternatibak bilatzen eta ahaztuta dauden etxeak okupatzen jarraituko dugu gazteok, ezerezetik ametsak egi bihurtuz eta gaur egungo bizi eta antolakuntza ereduekin apurtuz. Gazteok pentsatzeko, antolatzeko, gozatzeko, elkar ulertzeko, ikasteko... eta eraldatzeko gai garelako: goazen gaztetxea eraikitzera!
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.