Goizeko 8etan jarri dute hitzordua Algortako gaztetxe berria defendatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 6a, 21:56

Mentxakabarri etxean irekitako gaztetxea aurkeztu dute gaur, 17:00ak aldera, Algortako eta inguruko herrietako 90 gaztek. Etxea San Martin kaleko 19 eta 21 zenbakietan dago, Behargintza zentroaren ondoan. Algortako Gazte Asanbladako kideek jakinarazi dutenez, atzo gauzatu zen okupazioa, nahiz eta publikoa gaur egin duten. Dagoeneko, Getxoko Udaltzaingoa, Ertzaintza eta etxearen jabea bertatik pasatu dira eta 20 lagun identifikatu dituzte. Mentxakabarri gaztetxea izaten jarraituko dela ziurtatzeko asmoz, eta bihar jabea eta Ertzaintza bueltan izango direlakoan, AGAk goizeko 8etan gaztetxera hurbiltzeko deia egin die eskualdeko gazteei.

Arratsaldeko 17:00ak aldera, dozenaka gazte batu dira San Nikolas plazan, handik Mentxakabarrira abiatzeko. Oraindik etxea ezagutzen ez zutenek hesi artean sartu eta irekita zegoen atea igaro ostean goitik behera bisitatu dute, ganbara eta bi solairuetan dauden makina gela aztertzen eta bertan liburutegiak, batzar aretoak eta tailer guneak, besteak beste, irudikatzen. Era berean, azpiegitura elektrikoa, bazter zikinak edota hildako animaliak eta botatako zarama ikusgai izan dute bere izena lan talde ezberdinetan eman duten gazteek.

Jakingura asetuta, 1873an Getxoko kroniketan agertzen den etxearen patioan batu dira 90 bat gazte eta bertan entzun dituzte Algortako Gazte Asanbladak eta Uribe Kostako Gazte Asanbladen Koordinadorak irakurritako testuak, inaugurazio ofizialari amaiera jarriz. Atoan, aurrean daukaten lana banatzeari ekin diote eta garbiketa, komunikazioa, azpiegitura eta, batez ere, desalojoaren kontrako batzordea martxan jarri dituzte.

Atzo, gaur eta bihar

AGAko kideek eskualdeko gazteei goizeko 8etan gaztetxera hurbiltzeko deia egin diete, eta ordu horretan joaterik ez dutenei goizean zehar Mentxakabarritik igarotzeko eskatu diete. Izan ere, biharko eguna luzea izango delakoan daude Algortako Gazte Asanbladakoak atzo eta gaurko egunetako gertaerak kontuan hartuta. Atzo, bi udaltzain horretarako agindurik faltan zutela sartu ziren etxean, gazte batek gaitzetsi ziena. AGAren arabera, “nahi duguna egin dezakegu” azaldu ostean gazte bi identifikatu zituzten Getxoko udaltzain “zatarrek” eta kontu guztia ertzainen eskuetan geratuko zela iragarri zieten.

Iragarri eta asmatu. Gaur goizean udaltzain bat bueltatu da Algortako gaztetxe berrira eta bertan zeuden gazteei galdetu die ea eraikina uzteko asmorik zeukaten eta gazteek berretsi dute gaztetxea defendatzeko asmoa. Udaltzainak azken aurreko abisua eman die: “ondo, baina badakizue zer datorren gero”.

Hurrengoa, A.M. izeneko jabearen bisita izan da. Bertan zeuden gazteei leporatu die droga-toki batean izatea eta alde egitea exijitu die. Gazteak kalera atera dira jabearekin berba egiteko eta horren ondoan izan diren udaltzainek eta ertzainek norbaiten datuak eskatzeari ekin diote. Gazteek esan diete “guztiak ala inor ez” izan beharko zela eta unean egon diren 17 lagunak identifikatu dira. Ertzainek aitortu dute jabeak salaketa egin arte ezin dutela ezer egin eta jabeak, bere aldetik, bihar etxea hormatzeko hainbat langilerekin etorriko dela agindu du. Biharko seguruenez salaketa jada eginda egongo denez Mentxakabarriko auzokide berriek jabea, langileak eta ertzainen bisita espero dute eta horregatik deitu dituzte inguruko gazteak hurbil daitezen.

Gaiaren inguruko berriak:

Mentxakabarri etxea okupatu dugu (Algortako Gazte Asanblada)

Algortako gaztetxe berria martxan da (Uribe Kostako Gazte Asanbladen Koordinadora)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun