Egun Euskal Herrian ikasten diren curriculumak sexistak, errepikakorrak eta estatuzaleak direla salatu dute gaur Leioako ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 6a, 22:56

Gaur goizean Betiko ikastolan eta Sakonetan egin diren herri eskoletan aztergai izan dira egun irakasten diren EAEko, Nafarroa Garaiko eta frantses hezkuntzako hainbat testu-liburuen adibideak. Euskal Herriak Bere Eskola erakundeko Eneritz Ugaldek dinamizatutako tailerraren bidez, Betikon batutako 10 ikaslek eta Sakonetan zeuden 24k salatu dute ikasgai dituzten liburuek emakumeari menpeko rolak egokitzen dizkiotela. Era berean, liburuak euskaraz egon arren horrek Euskal Herria eta euskal kultura aintzat hartzea ez duela esan nahi erabaki dute. Ikasleek espainiar eta frantses liburuen “itzulpen soilak” diren hainbat testu-liburu euskaldunak deitoratu dituzte.

Testu-liburuen azterketa egiten goiztiarrenak Betiko ikastolakoak izan dira. Izan ere, zuzendaria eta 4 irakasleez lagunduta klasearen beroan 10:00ak aldera aztertu dituzte Eneritz Ugalde EHBEko kideak eramandako testu-liburuetako harribitxi arrunt batzuk. Hortik abiatuta, ikasleek hainbat gabezi topatu dute egunero erabiltzen dituzten liburuetan: egile gehienak gizonezkoak izatea, Euskal Herriaren desitxuraketa edo desagerpena, kritikotasunik gabeko testuak, munduko mapen faltsuketa, ezagupenaren norabideak okerrak (orokorretik partikularrera, naturalagoa den tokian tokiko ezagupenetik abiatu beharrean), emakumeek eta herri baztertuek historiara emandakoaren ezabaketa, erlijio konkretuetan heztea, eta abar luze bat.

Lamiak eta udaltzainak

Geroago, txokolatada izan dute Betikoko ikasle intsumituek, Lamiakoko Maskaradaren inguruko historia ikasi baino lehen. Barandiaran eta Romo-Artatzako ikastetxeen ikasleak aldiz 12:00ak aldera jabetu dira beraien testu-liburuen azpiko edukiez eta 13:30ean kontzentrazioa egin dute Boulevardean, guztira 40 bat lagun bildu direla.

Bestalde, eta Gaztesareak kaleratutako informazioaren arabera, goizeko 9:30etan herriko hainbat gaztek herria espainiar banderez eta konstituzio erraldoiaz apaindu dute, horien ondoan azalpen panel bat jarriz. Eta eguerdian “salaketa egin dute Leioako udaltzaingoaren bulegoan egunean zehar izandako jarreragatik”. Goizean jarritako Segiko panela, konstituzioa, banderak... lapurtu eta kendu egin dituzte eta 20 gazte hurbildu dira eurena dena itzultzeko eta euren udaltzainen jarrera salatzeko.

Gaiaren inguruko berriak:

Sakonetako herri eskoletan 24 lagun batu dira
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun