Hurrengo bi asteburuetan EHNAren aparteko tramitazioa egingo da Algortan, Itzubaltzetan eta Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 7a, 18:56

Udalbiltzak Euskal Herriko 187 herritan datozen bi asteburuetarako deitu dituen Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren tramitazio egun nazionalen harira, Algortan hileko 10 eta 11n EHNA egiteko aukera izango da. Izan ere, Getxo Bizia ezker abertzaleko plataforma normaltasunez ari da EHNA tramitatzen astelehenetik barikura, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Algortako Torrene kaleko bulegoan, baina Udalbiltzak egindako deialdiari jarraiki datorren asteburuan ere Getxo Biziak bere bulegoa zabalduko du. Egun horietan tramitazioa goizeko 10:00etatik 14:00etara egiterik izango da. Era berean, eta prentsa ohar baten bidez Getxo Biziak jakinarazi duenez, abenduaren 17an eta 18an Itzubaltzeta / Erromon ere EHNA tramitatzeko aparteko aukera izango da. Plataformak ez du momentuz jakinarazi horretarako ordutegia eta lekua. Bestalde, Leioan, Etengabe.org bitakorak zabaldu bezala, Boulevardeko Euskadiko Kutxaren aurrean EHNA tramitatuko dute abenduaren 18an 12:00etatik 13:30etara. Udalbiltzak zabaldutako informazioaren arabera, asteburu horietan ez da bestelako tramitazio berezirik izango eskualdean.

Getxo Biziak gogoratu duenez, EHNA egin ahal izateko honako gauzak eraman behar izango dira gainean: udaletxean edo udal bulegoetan eskura daitekeen errolda agiria, hiru argazki eta 15 euro. Udalbiltzaren arabera, dokumentua tramitatzen denetik etxera bidali arte bi hilabete emango ditu nazio erakundeak.

Getxo Biziak, berriz, EHNA egitearen garrantzia azpimarratu du: "zenbat eta jende gehiagok EHNA egin eta erabili, orduan eta garrantzia handiagoa izango du euskal naziotasunaren aldeko ekimenak".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun