Abenduaren 17an Bilbon egingo diren Emakume Abertzaleon III. Topaketa Feministetan parte hartzera deitu du Bilgune Feministak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 7a, 19:55

“Gatazkaren konponbidean emakumeon hitza” lelopeko topaketetara joateko eta parte hartzeko deia luzatu du Euskal Herriko Bilgune Feministak. Izan ere, 2001ean Leitzan egin ziren topaketetatik hona, eta bereziki 2002an Bilgune Feminista sortu zenetik, Euskal emakumearen egoeraren diagnostikoan, erakundearen barne antolamenduan, formakuntzarako guneetan eta Euskal Herrirako Plan Estrategiko Feministan lan egin dute emakume abertzale feministek. Euskal Herriko Bilgune Feministak zabaldu duenez, aurtengo topaketetan "errealitateari arreta jarri nahi diogu" eta, horregatik, "Euskal Herrian historikoki egon den gatazkaren konponketaren baitan irekitzear dagoen prozesuaren inguruan hainbat gogoeta burutu nahi ditugu emakumearen parte hartzeari dagokionez".

Euskal Herriko Bilgune Feministaren txostena:

Emakume Abertzaleon lll. Topaketa Feministak

Abenduak 17, Euskalduna jauregian, Bilbon:

“Gatazkaren konponbidean emakumeon hitza”

Sarrera

Euskal Herriko Bilgune Feminista 2002an jaio zen, Leitzan 2001ean egindako Topaketen ondorioz. Bertan, Euskal emakumearen egoeraren diagnostikoa egiteaz gain, emakumeen bizi baldintzak hobetu, berauek kontzientziatu eta esparru guztietako eragileak genero perspektiba txertatzera bultzatuko zituen erakunde berri baten beharra marraztu zen, ondoren Bilgune Feministaren helburu nagusiak izango zirenak. 2003an Eibarren, formakuntzarako gune praktiko bat irudikatzeaz gain, Euskal Herrirako Plan estrategiko Feminista egiteko lehen pausuak eman genituen. Oraingoan, 2005ean, errealitateari arreta jarri nahi diogu.

Topaketa hauetan, Euskal Herrian historikoki egon den gatazkaren konponketaren baitan irekitzear dagoen prozesuaren inguruan hainbat gogoeta burutu nahi ditugu emakumearen parte hartzeari dagokionez.

Emakumeok orokorrean, edozein eremutan parte hartzeko eskubide politikoa formalki bermatuta dugu jendarte honen parte aktiboa garen momentutik. Baina sistema patriarkalaren ondorioz bizi dugun zapalkuntza estrukturalak jendartean ikusezintasunera bultzatu gaitu. Parte hartzeko eskubidearen erabilpen praktikoa, askotan, gure bizi pribatuan hartzen ditugun erabakiek baldintzatua izaten da. Adibideak ez dira gutxi, lanaldi bikoitza edo hirukoitza (eragileetan parte hartzea kontuan hartuta), kristalezko sabaia, “ama onaren sindromea”…

Parte hartzerako mugak esparru guztietan identifika baditzakegu ere, jatorria faktore oso garrantzitsu batean oinarritzen da: eremu pribatuan historikoki atxikitzen zaizkigun ardurek eremu publikoan, erabakitze guneetan edota eztabaida foroetan gure presentzia mugatu dute, egoera hau naturaltzat joa izan delarik. Gizonak dira egungo eszena publiko, politiko eta mediatikoa osatzen dutenak, salbuespenak salbuespen.

Izan ere, biztanleriaren erdia garen unetik, gune guztiotan gure partaidetzak bermatua behar luke.

Halaber, emakumeok ezin gara gure parte hartzea besteek ziurtatu zain egon. Gure ardura da, feminista garen heinean, eskubideok parte hartuz erabili eta beteak izan daitezen, hau da, emakumea subjektu politiko bezala identifikatua izan dadin, berme neurriak marraztu eta egokien dagozkigun bitartekoak identifikatzea.

Emakumeok eremu publikoan eskuhar dezagun, bi esparru ditugu aztertu eta kontuan hartu beharrekoak. Batetik, egun emakumeok dugun kontzientziazio falta eta edozein eremutan parte hartzeak ematen digun bertigoa egongo lirateke. Instituzio eta botere guneetatik, lan mundura sarbidea izan dugunaren eskusarekin dagoeneko aukera berdinak ditugunaren kanpaina egin dute eta guk zein jendarteak sinetsi egin dugu, gure eskubideen inguruko gogoetak desaktibatuz. Gainera, oraindik jasotzen dugun heziketa heterosexistak, ez gaitu, gizonei bezala, jendaurrean egon eta mugitzeko prestatzen, gureak asertibitatea eta emozioekin konektatzeko gaitasuna izaten jarraitzen du.

Bestetik, momentu hauetan esparru ugaritan lanean dabiltzan eragileek ez dute lan formetan aldaketaren beharrik ikusten. Emakumeen protagonismoa eta parte hartzea bultzatu beharra, bigarren mailako helburua da oraindik.

III. Topaketa Feministak bi ildo hauetan zentratuko dira. Emakumea eta jendartea orohar, parte hartzearen beharraz kontzientziatu eta parte hartze horretarako irizpideen lanketa eta aplikazioaren inguruko gogoeta egitean.

Helburuak

- Gatazkaren konponbidean dugun emakumeok dugun espazioa aztertu.
- Eragile politikoen jarrera eta neurrien inguruko gogoeta emakumeen parte hartze aktiboari dagokionean.
- Emakumeak eremu publikoan duen presentziaren inguruko hausnarketa egin.
- Eremu publikoan present egotearen beharraz emakumeak kontzientziatu.
- Mugimendu feministak duen ikuspegia plazaratu.

Edukiak

1. Euskal herriaz haratago bizi izan diren beste esperientzien eta berauetan emakumeak izan duten paperaren ezagupena.
2. Momentuan dauden eragile politikoen proposamenen barnean emakumearen sarbiderako zein motatako lanketa planteatzen duten ezagutzea.
3. Mugimendu feministatik kaleratzen den alternatiben ezagupena.
4. Emakumeon partehartzea bermatzeko eman beharreko pausu eta neurrien eztabaida.

Egitaraua

Emakume Abertzaleen III. Topaketa Feminista egun bateko egitarauan oinarrituko da. Abenduaren 17an Bilbon ospatuko da eta goizeko 9:00etatik arratseko 19:00ak arte izango da. Egitarau zehatza honela banatzen da:

- 9:00etatik 9:30era: Akreditazioak
- 9:45etik 10:00etara: Aurkezpena.
- 10:00etatik 11:00etara: Beste herrien esperientziak.
- 11:00etatik 12:30era: Eragile politikoen proposamen mahai ingurua.
- 12:30etik 12:45era: Atsedenaldia.
- 12:45etik 14:00etara: Mugimendu feministaren alternatiben ezagupena.
- 14:00etatik 15:00etara: Bazkaria.
- 15:00etatik 16:00etara: Parte hartzerako proposamenaren inguruko eztabaida taldeak.
- 16:00etatik 16:30era: Ondorioak.
- 16:30etik 17:00etara: Bukaera.

Izena emateko era:

Prezioa: 20 euro (10 euro, ikasle eta langabetuak)
Ingresoa egin kontu korronte honetan eta izena eta herria jarri, ondoren e-posta bat edo telefonoz deitu.
KK: 3035 0200 87 2000011183 (Euskadiko Kutxa)
Oharra: Informazio gehiago izateko kontaktu formak: topaketaklll@yahoo.es eta 944 159 044 telefonoa.

Euskal Herriko Bilgune Feminista
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun