Gaztelekuaren nondik norakoak galdetzea enpresa baten eskuetan utziko du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 7a, 21:57

Getxoko Udal Gobernuak 21.000 euro gastatuko ditu Algortako lehengo kultur etxea zegoen Urgull kaleko eraikinean zabalduko duten Gaztelekuaren aholkularitza zerbitzurako eta, aipatu gunea diseinatzeko, "herritarren partaidetza bultzatuko duen prozesua martxan jartzeko", gaur goizean emandako prentsaurrekoan, Imanol Landa Presidentzia zinegotziak aurreratu duenez. "Zabaldu baino lehen, Gaztelekua zelakoa eta zertarako izango den galdetu nahi diegu herritarrei; batez ere 12 eta 17 urte arteko gazteei. Horretaz gain, gurasoen, ikastetxeetako arduradunen eta gazte elkarteen iritzia ere jasoko dugu", azaldu du udal ordezkariak. Lehiaketa publiko bidez erabakiko da galdeketa egitea zein enpresari dagokion. Landak zehaztu duenez, Algortako Gaztelekua 2006ko udaren osterako egon liteke irekita. Gainera, etorkizunean, ezaugarri berberetako beste zentro batzuk Getxo udalerriko beste toki batzuetan ere zabaltzea ez dute baztertzen udal arduradunek. Argazkian, Bermeoko Gaztelekua / Bermeoko liburutegia.

Kontsulta prozesua datorren urtarriletik maiatzera bitartean izango da eta, horretan, "Gaztelekuan aurrera eramango diren jarduerak, zein gunetan egongo den banatuta eta bere diseinu estetikoa definitzen lagunduko dute gazteek", Imanol Landak adierazi duenez. Bere hitzetan, "udalerriko gazteen bilgune" izateko asmoz jarriko dute abian zentroa. "Gaztelekuaren filosofia Getxoko Gazte Planaren oinarrizko lau ardatz hauetan oinarrituko da: gazte informazioa zabaltzea, aisialdirako hezkuntza eskaintzea, emantzipazioa bultzatzea eta partaidetza sustatzea”, azaldu du Presidentzia zinegotziak.

Landak prentsaurrekoan zehaztu duenez, “ekimena Getxoko Udalak bultzatu nahi duen herritarren partaidetzarako politikaren barrukoa da". "Filosofia hori joan den urriko osoko bilkuran onartutako mozioan islatzen da. Horretan, orain arte herritarrek parte hartzeko izan dituzten erak finkatzea eta areagotzea erabaki zen, hau da, asetze inkestak, iritzi galdeketak edo udal arloetako aholkulari kontseiluak... baita Udala eta herritarren arteko harremanak sendotzeko formula berriak bilatzea ere”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun