Algortako Bertsolari Eskolak handikiro ospatuko du bihar 25. urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 9a, 20:52

Gabonak gainean ditugula, "guk ere badaukagu zer oparitu bertsozale, euskaltzale eta getxoztar guztiei", adierazi du gaur goizean Joseba Santxo Algortako Bertsolari Eskolako lehendakariak; larunbat honetan, Getxo Antzokian egingo den VI. Ahobien Gala aurkezteko orduan. Biharko jaialdiak amaiera bikaina emango dio, 25. urteurrena ospatzeko, ALBEk urte osoan zehar gauzatzen joan den ekitaldi sorta oparoari. Argazkia: ALBEren 25. urteurrena aitzaki, 55 bat lagun batu ziren ekainaren 19an, Algortako Bidebitarte txokoan bazkaltzeko.

Joseba Santxok nabarmendu duenez, mende laurden daramate Algortan "bertsozaletasuna eta euskalzaletasuna lantzen eta getxoztarrei euskaraz bizitzen, pentsatzen, jolasten... aukera emanez". Getxo udalerrian bertsolaritzak "iragana, oraina eta etorkizuna" duen isla ere izango da biharko bertso-jai erraldoia. Horren adierazle dira Paya anai-arrebak, ALBEko lehendakariak azaldu duenez: "Xabi eta Fredi ezinhoneto aritu dira Bertsolari Txapelketa Nagusian", nahiz eta finalera ez iritsi. Itxaso, berriz, aurtengo Bizkaiko txapelduna da 18 urtetik beherakoen artean. Hala ere, udalerrian, bertsolari familia oso gehiago badaudela argi utzi nahi izan du Santxok, Uriatarrak, Illarotarrak eta beste hainbat gogora ekarriz. "Honez gero erreferentzia gara Bizkaian zein Euskal Herri osoan", gaineratu du.

Ahobi Gala

Abeslari eta bertsozale ere den Afrika Bibang algortarrak aurkeztuta, urtebetetze kutsua emanez hasiko da VI. Ahobien Gala. Ongi etorri koktela izango da 19:00etan. Ondoren, bertsolari eskolako arrobiaren txanda helduko da, gazteenek abestuko badituzte bertso jarriak, Roberto Etxebarriaren eskusoinuak eta Kepa Arrizabalagaren panderoak lagunduta. Gala berezia bada, are bereziagoa izango da bertan ikusteko auketa egongo den bertsosaioa. Bi bertsolari sendi egongo dira aurrez aurre: Enbeitiatarrak (Jon, Oihane eta Onintza aita-alabak) eta Payatarrak (Fredi, Xabi eta Itxaso anai-arrebak). Gainera, bitxia bada ere, horietatik bik eskuratu dute ALBEk antolatu dituen Balendin Enbeita sarietako bat. Besteak beste, bigarren saria eskuratu du nagusien artean Oihane Enbeitia; gazteen artean, berriz, hirugarren izan da Itxaso Paya. Hain zuzen ere, biharko jaialdian banatuko dituzte sariok; baita Ahobi sariak ere, 60 urtetik gorako hamar bertso-jartzailek eskuratuko dituztenak, "euren ibilbidea saritu nahian", Santxok argitu duenez.

"25 urte, 25 irudi"

ALBEren 25. urteurrena aitzaki, bideo emanaldia ere egongo da aurtengo Ahobien Galan. Urte guzti horien laburmena egiten saiatu dira "25 urte, 25 irudi" izenburuko lanean. Ez zen lan erraza izango... Jaialdiari amaiera emateko, berriz, antzinean udalerrian entzun zitezkeen klopa zaharrak abestuko dituzte, Roberto Etxebarriaren eta Kepa Arrizabalagaren laguntzaz eta Josu Landetak zuzenduta. Hain zuzen ere, ALBEko hainbat kidek berreskuratu zituzten duela gutxi "Masuste koloreko" kopla zaharrak.

Gaiaren inguruko berriak:

Itxaso Paya algortarrak irabazi du Balendin Enbeita sarietako bat (2005 Abe 06)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun