Antzezlan berria abendu hasieran estreinatua izan zen Dulantziko (Araba) Txema Blasco antzokian. Galder Perez eta Eloi Beato, azken hau zuzendaria bera, dira lantaldearen buru. Lehenengo emanaldian agortu egin ziren sarrerak. Gauzak horrela, "Todos Nacemos Vascos" obrarekin "Cocidito Madrileño"-rekin lortutako arrakasta berdindu dezakeela uste du produkzio-etxeak.
50 emanaldi
Abenduaren 16an beste bi saio izango dira Zumaiako Aita Mari antzokian, eta ondoren, Elgoibarren (bi ekitaldi), Bilbon (lau saio) eta Leioan (beste lau agerraldi) izango da urtarrilean. Datorren urteko otsailean, berriz, Amurrio, Zalla, Errenteria, Barañain eta Oñatin antzeztuko da. Geroxeago, Gernika, Beasain, Muskiz, Bergara, Ermua, Azkoitia eta Nafarroako zenbait herritan ibiliko da "Todos Nacemos Vascos" antzezlana, 2006ko ekainaren bukaera aldera, Gasteizen hiru agerraldi egin aurretik.
Hiriburu arabarretik gipuzkoarrera joango da ikuskizuna. Donostian 16 agerraldi egingo dira ekain bukaera eta uztaila hasiera bitartean. Bukatzeko, Elgetan antzeztuko da azkenik irailean, herri gehiagotan antzeztea azken orduan zehaztu daitekeelarik, arduradunen hitzetan.