Gorrondatxe eta Barinatxeko dunak babesteko neurriak hartuko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 12a, 23:14

Getxoko Udalak 10.800 euro inbertituko ditu Gorrondatxe (Azkorri) –argazkian– eta Barinatxe (Salvaje) hondartzetako dunak berreskuratu eta babesteko lanetan. Iñaki Zarraoa alkateak azaldutakoaren arabera, “2002an aipatu ekosistemak zaintzeko lanak egin zirenetik hainbat faktore batu dira horien baldintzak okertzeko, hala nola, denboraren eragina, bertokoak ez diren espezien hazkundea, dunen berreskurapen naturala, arearen pilaketa hondartzen gune batzuetan eta bertako erabiltzaileentzako ere kaltegarriak izaten diren baldintza metereologikoak –azken hauek hondamenak sortu dituzte dunak babesteko hesietan, baita informatiboak diren paneletan ere–". Hori guztia dela eta, babestutako guneak handituko eta hondatuta daudenak berreskuratuko dira.

Besteak beste, Gorrondatxe hondartzan, sarreran dagoen panel informatiboa konpondu, kendutako 70 metro luzerako hesiak berriro jarri eta 100 metroko hesi bigunak jarriko dira hondartzaren ezkerreko aldean, bertoko landaretzaren hazkundea errazteko; landareei buruzko panel informatiboak ere ipiniko dira eta 4 panel berri itxitako gune berrietan.

Barinatxe hondartzan, berriz, sarreran zegoen panel informatiboa berriro jarri, dunak hazten diren guneak hesiz itxi (100 metro luzeran) eta kostaraino hesi berriak jarriko dituzte (3-5 metro). Sarrera ondoan gune berri bat itxiko da (150 metro luzeran), ezker aldeko panel informatiboa ipiniko da berriro eta 3 panel berri jarriko dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun