Gazteek “talde homogeneorik” osatzen ez dutela azaldu du Sonia Perez Anguera Topaguneko Gazte Saileko arduradunak. Horregatik, graffiti lehiaketak giro urbanoari erreparatu zion bezala, Ikus-entzunezko Rallyak zaletasun hori duten “gazteen sormena gizarteratzeko” balioko duelakoan dago Perez Anguera.
Parte-hartzaile kopuru altu-altua
Rallyak oso erantzun ona izan du. Guztira, hamasei taldek euren lanak grabatu, editatu eta proiektatuko dituzte, abenduaren 17an (larunbata).
- Parte-hartzaileak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik etorriko dira.
- Adin-tarte guztietako lagunak dira. Gazteenak 18 urte ditu eta nagusienak, 35.
- Neska eta mutilen parte-hartzea oso orekatua da.
- Izen-ematea epea itxi eta gero, parte hartzeko asmoa erakutsi zutenekin itxaron zerrenda bat zabaldu da. Beste zortzi talde prest daude, aurrekoetariko batek kale eginez gero, rallyan parte hartzeko. Guztira, 40-60 bat lagun itxaron zerrendan daude.
Hortaz, “euskaraz egiten diren ekoizpen gutxirekin alderatuta, 2005ean euskarazko beste hamasei lan aurkeztu ahal izatea” arrakastatzat jo du Topaguneko Gazte Saileko arduradunak.
Parte-hartzaileek hiru minutuko ikus-entzunezko lana grabatu eta editatuko dute, euskaraz. Edozein formatu onartuta dago: film laburra, spot-a, bideoklipa, animazioa etab. Lanak Eibarren grabatuko dira, lehiaketa egunean, eta bertako ezaugarriak islatuko dituzte. Ikus-entzunezkoen Rallyaren gaia abenduaren 17an bertan jakitera emango da.
Eguneko programazioa
Gazteak ikus-entzunezko lanak grabatzen eta editatzen dauden bitartean, Eibarrek zinemazaleak hartuko ditu. Gauean Rallyan grabatutako lanak proiektatuko badira ere, arratsaldean hainbat zinema zuzendariren film laburren maratoia antolatu dute. Horrela, parte-hartzaileak ez ezik, “gainerakoak ere euskarazko ikus-entzunezkoen mundura gerturatzea dugu helburu”, ...Eta Kitto! Eibarko Euskara Elkarteko koordinatzaile Koldo Mitxelenak azaldu bezala. Hona hemen, 17:00etatik aurrera, Portalea Kultur Etxean izango diren hamabi film laburrak: "Txotx" (Asier Altuna / Telmo Esnal), "Haragia" (Begoña Vicario), "Sarabe" (Beatriz de la Vega), "40 ezetz" (Asier Altuna / Telmo Esnal), "Basurdea" (Ane Muñoz Mitxelena), "Terminal" Aitzol Aramaio, "Belarra" (Koldo Almandoz), "Dortoka uhartea" (Maru Solores), "Topeka" (Asier Altuna), "Lepokoa" (Safy Nebbou), "Osaba Jaxinto" (Iñaki Beraetxe) eta "Amuak" (Koldo Almandoz).
Maratoia eta gero, 19:30etik aurrera, filmen zuzendariekin solasaldia egongo da. Ondoko zuzendariek parte hartuko dute:
- Asier Altuna: "Aupa Etxebeste!" (2005) film luzearen zuzendaria eta "Topeka" (2002), "40 ezetz" (1999) eta "Txotx" (1997) film laburren zuzendaria.
- Telmo Esnal: "Aupa Etxebeste!" (2005) film luzearen zuzendaria eta "40 ezetz" (1999) laburraren zuzendaria.
- Ane Muñoz Mitxelena: "Basurdea" (2002) eta "El salto de Beamon" (2004) film laburren zuzendaria eta hainbat komunikabidetako kolaboratzailea.
- Begoña Vicario: Animazioko irakaslea Bilboko Arte Ederretako Fakultatean. Animazioko lau film labur egin ditu: "Hara-Hona" (1994), "Geroztik ere" (1995), "Zureganako grina" (1996) eta "Pregunta por mi" (1996).
Zuzendariok Ikus-entzunezkoen Rallyko epaimahaia osatuko dute. Lehiaketan sortutako lan guztiak 20:30etik aurrera emango dituzte eta ondoren, 22:00etan, sari banaketa egongo da. Guztira, 900 euroko hiru sari emango dira: lanaren osotasunari saria, ikus-entzunezkorik originalena eta gaia ondoen islatu duen lana.
Rallyan sortutako lanen bigarren emanaldia abenduaren 18an, igandean, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Eibarko Portalea Kultur Etxean. Sarrera doan izango da.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa