Kontseiluaren "Hizkuntza-politika indartu eta garatzeko hamar proposamen" txosteneko lehen ardatza hizkuntza-ereduak gainditzea izango dela azaldu dute. "Hezkuntza Sistemak belaunaldi berriak, etorkinak barne, oso-osorik euskalduntzea" da arlo honetako helburu garrantzitsuenetako bat Kontseiluaren aburuz. Euskalgintzak aspalditik egin duen beste eskaera bat txertatu dute ardatzen dokumentu horretan: hizkuntza-politikarentzat lehendakariordetza sortzea EAEn eta Nafarroan. "Sail guztietan euskararen garabidea bermatu behar duen organoa beharrezkoa da hizkuntza-politikaren zehar-izaerarengatik", azaldu dute.
Administrazioa euskalduntzea funtsezkoa
Bestetik, Administrazioa euskalduntzea ere funtsezkoa dela aldarrikatu dute. "Hizkuntzaren normalizazioa ez da ulertzen entitate publikoetan lan egiten dutenak euskaldundu gabe", adierazi dute. "Ezinbestekoa da Administrazioa euskalduntzeko data bat finkatzea". Era berean, lan mundua euskaldundu behar da. Alor horretan orain arte egin den ahalegina oso murritza dela ohartarazi dute. Kontseiluak behin eta berriro eskatu duen bezala, euskarak berezkoa, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izan behar du. Horretarako, corpus juridikoa hizkuntzaren estatus horretara egokitzea eskatzen dute.
Beste ardatz bat helduen euskalduntzearen laguntzak handitzea da, doakotasunera iristeko. "Egoera kontraesankor baten aurrean gaude: Administrazioetatik euskara erabiltzeko eskatzen digute baina, une berean, herritarrek ordaindu egin behar dute euskara ikasteagatik", azaldu dute. Zazpigarren proposamena hedabideetan kuotak ezartzea da. "Euskal Herrian diharduten komunikabide guztiei egoera soziolinguistikoaren pareko kuota batzuk ezarri behar zaizkie legez", azpimarratu dute.
Bestetik, euskararen aurrekontua 'nabarmen handitzea' eskatu dute Kontseiluko bozeramaileek. Hori lortzeko hiru proposamen egin ditu: zerga-kenketak, kredituak eta diru-laguntzak. Gainera 'Hizkuntza-politika indartu eta garatzeko hamar proposamen' deritzon txostenean, Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako eskaintza osorik euskalduntzeko eskatu dute. "Hori egin bitartean hezkuntzako eta gizarteko sektore jakin batzuk nabarmen diskriminatzen duen politika bat sustatzen da".
Bukatzeko, hizkuntza-politika egokia eskatu dute, epe eta helburu zehatzak dituena, bitartekoz hornitua, sailartekoa, gizarte sektore guztietara iristeko modukoa, Administrazio Nagusitik Toki Administraziorainokoa. "Gure jardueran erreferentzialak izango dira 10 eginkizun hauek", esan du Mendigurenek. Hamar ardatzak jasotzen dituen txostena Kontseiluaren web gunea eskura jarri dute nahi duenarentzat www.kontseilua.org helbidean.
EAEko Gobernuaren 100 egunak
Bestetik, Euskal Autonomi Erkidegoko Gobernu berriaren lehenengo 100 egunetako jarduera baloratu dute. Orokorrean 'kontinuismoa' nabarmendu du Iñaki Lasa Kontseilukoko Ildo Politiko-Instituzionaleko Arduradunak. Arlo positiboan, Kontseiluak Eusko Legebiltzarrak 2007.eko otsaila baino lehenago ikastereduak gaindituko dituen sistema berri batera pausoak ematea erabaki izana baloratu du: "Belaunaldi berriak osorik euskaldun behar ditugu epe laburrean", adierazi du.
Arlo negatiboan, ordea, 100 egun hauetan aplikatu den politika 'kontinuista' izan dela kritikatu dute. "Ez dugu ekimen aipagarririk ikusi ez lan mundua euskalduntzeko, ez hedabideetan euskararen presentzia areagotzeko, ezta Administrazioa eraginkorki eta epe onargarri batean euskalduntzeko ere, besteak beste", azaldu du Lasak. Kontinuismo horren adierazle gisa aurrekontuen proposamena aipatu dute: "Zenbakien hizkuntzak garbi adierazten digu orain arteko bidetik segitzeko borondatea, hau da, normalizazioa ekarriko ez digun bidetik segitzeko borondatea".
Azkenik, Ildo Politiko-Instituzionaleko Arduradunak Kontseiluaren proposamenak ekarpen gisa hartzeko eskatu du. Elkarrekin lan egiteko prest daudela azaldu dute, "beti ere, euskara epe onargarri batean normalizatzeko bada eta ez prozesua sine die luzatzeko". Bitarte horretan, Kontseiluak euskararen normalizazioan aurrera egiteko gaurko hizkuntza-politikaren bilakaera hurbiletik jarraituko du.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua