Uribe Kostako gazteei etzi, ostirala, arratsaldeko 20:00etan Barakaldoko auzitegiaren aurrean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin die Itzubaltzetako Segik kaleratutako ohar baten bidez. Mobilizazioaren xedea Zigor Blanco, Egoitz Coto, Bittor Franco, Jon Sebaste Gurtubai eta Ander Arrillaga Ezkerraldeko, Bilboko eta Enkarterriko gazteen egoera eta "muntaia poliziala" salatzea da. Izan ere, gazte erakundeak jakinarazitakoaren arabera, bost lagun "22 urteko espetxealdira zigortu ditu Espainiako Auzitegi Nazional faxistak". Epaitutako gertaerak 2001eko abuztuaren 5ean izan ziren Portugaleten eta bertan ezezagun batzuek kalez jantzitako ertzainen auto baten kontra koktelak bota zituzten. Segik salatu du egindako prozesua eta nabarmendu du "gazte hauek torturapean sinaturiko adierazpenetan oinarritzen dela auzi-fartsa hau, zipaioen 'talantea' agerian utziz". Era berean, gazte erakundeak gogoratu du Uribe Kostako gazte bat ere dagoela auziperatuta kasu honetan: Azkorriko Arkaitz Goikoetxea "Torrontxero", egun leku ezezagunen batean dagoena. Argazkia: Torturaren Kontrako Taldea.
Bestalde, Pititakok jakinarazi duenez, Santurtziko Aitor Urtasun libre gelditu da kasu honetan. Era berean, Santurtziko komunikabideak gogora ekarri du gazteek komisaldegian sinaturiko deklarazioez gain, Blanco, Coto, Franco eta Gurtubairen kasuetan, ADN zantzuak ere aintzat hartu dituela epaitegiak, nahiz eta ertzainek ADN laginak epaileen agindurik gabe jaso zituzten. Horretarako, Auzitegi Nazionalak Epaitegi Gorenak berriki emandako auto batean oinarritzen da. Aurretik Epaitegi Gorenak kontrakoa erabaki zuen beste auzi batean.
Askatasuna
Askatasunak ere salatu du epaia, eta gogoan hartu du orain dela hiru urte Ertzaintzak "sarekada basatia" egin zuela Bizkaian eta horren harira "hamaika gazte atxilotu, torturatu eta Espainiako Auzitegi nazionalaren menpe jarri zituztela". Era berean, talde antirrepresiboak gaitzetsi du "legez kanpoko frogak eta, inkomunikazioa zein lege antiterroristan babestuta Ertzaintzak egindako torturen eraginez, komisaldegian egindako nor bere buruaren kontrako salaketak" erabiliz bost gazte zigortu dituztela.
Askatasunarentzat epai hori Estatu espainiarrak Euskal Herriak bizi duen gatazkarako nahi duen konponbidea erakusten du: "errepresioa". Askatasunak ostiraleko hitzorduaz gain, bihar 20:00etan Portugaleteko Triangelu plazan egingo den kontzentrazioan ere parte hartzera deitu du.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.