Getxo Bizia herri plataformako bulegoan egin daiteke Euskal Herriko naziotasuna aintzat hartzeko eskaera ofiziala

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 14a, 14:51

Abenduaren 10ean egin zen Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Udalbiltzak deiturik, Euskal Herriko naziotasun eskubidearen aldeko ekimenak burutu ziren ehunka herritan. EHNA tramitatzeko aukera bereziarekin batera, martxan jarri zen gure naziotasuna nazioarte mailan ezagutua izateko eskaera ofizialaren ekimena. Euskal Herriko naziotasuna aintzat hartzeko eskaera ofiziala egiteko kanpaina datozen hilabetetan zehar egingo da. Getxon momentuz bulego iraunkor bakarra egongo da eskaera egiteko, Algortako Torrene kaleko Getxo Bizia herri plataformako bulegoa hain zuzen ere, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 6etatik 8etara irekita dagoena.

Abenduaren 10ean, Getxo udalerrian ere Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) egiteko aparteko aukera baliatu izan zuten hainbat herritarrek. Getxo Biziaren Algortako bulegoa irekita egon zen goizeko 10etatik eguerdiko ordu biak arte. EHNA tramitatzearekin batera Nazio Batuen Erakundeko Geneveko egoitzara igorriko diren Euskal Herriko naziotasuna aintzat hartzeko eskaera ofizialeko sinadura orriak bete zituzten bertaratutakoek, EHNA eskatu berri zutenak eta aurretik eskuratu izan zutenak ere bai.

Itzubaltzeta / Erromon datorren domekan, abenduaren 18an, eskainiko da naziotasunaren aldeko ekimen hauetan parte hartzeko aukera. EHNA tramitatzeko eta eskaera ofiziala egiteko mahaia goizeko 11etan jarriko da Areetako Xake enparantzan eta arratsaldeko 3ak arte egongo da.

Euskal Herriko naziotasuna errespetatzeko eskaera ofiziala:

1.- Euskal herritartzat jotzen dut nire burua.

2.- Euskal Herria nazio izaera duen giza multzoa da. Aniztasun aberatsa badu ere bere baitan, berezko hizkuntza, kultura eta idiosinkrasia ditu eta, Europako bilakaera historikoan, nazioarteko aitortza politiko eta instituzionala izan du mendeetan zehar. Gaur egun Frantziako Errepublikaren eta Espainiako Erresumaren mendean dagoen Estaturik gabeko nazioa izanagatik ere, estatus hori ez dugu euskal herritarrok erabaki demokratikoki; aitzitik, aurreko bi estatu horiek azken mendeetan Euskal Herriari ezarritako ukazio politikoaren ondorioa da. Egoera honek 1.966ko Eskubide Zibil eta Poliikoen Nazioarteko Ituna eta Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta kulturalen Naioarteko Ituneko lehenengo artikulua urratzen ditu argi eta garbi; izan ere, harekin bat, herri orok du autodeterminazio eskubidea.

3.- 1.948. urteko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko 15. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz, nire naziotasuna jendaurrean adierazi nahian, ..... urteko (data) eskaera izapidetu nuen Euskal Herriko Naziotasun Aitormena eskuratzeko. Euren euskal herritartasuna era askean adierazi nahi zuten 125.000 euskal herritarrek egindako eskaerari erantzuteko Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarrak (Udalbiltzak) 2001. urtean indarrean jarri zuen prozedura eta agiria da Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA), eta Udalbiltzak, tokiko udal hautetsien bidez, agiriaren eskatzaileak emaniko datuen egiazkotasuna bermatzen du.

4.- Egunerokoan, nire gogoaren aurka, [espainiar edo frantziar] naziotasuna adieraztera beharturik nago behin baino gehiagotan, nire euskal herritasuna eremu askotan onartzen ez delako, eta dagokidan naziotasun eskubidea urratzea da hori. Izan ere, aipatu Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko 15. atalak dio gizaki orok duela naziotasun eskubidea, baita inori bere naziotasuna ukatu ezin zaiola ere.

5.- Euskal herritartzat jotzen dute nire burua ondorio guztietarako eta, nazioarteko itunetan ageri diren eskubideak erabiliz, euskal herritar gisa bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dut libreki nazioartean. Hori dela-eta, nirea den naziotasuna aintzakotzat hartzeko, hura errespetatzeko eta ez ukatzeko eta beste inolako naziotasunik ez inposatzeko, honako eskakizun ofizial hau egin diot era askean Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Goi Mandatariari.

Getxo Bizia
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun