Getxoko Udalak azaroaren 25ean burutu zuen Udal Batzarrean beste mozio askoren artean Jesus Toca PPko zinegotziak irakurri zuen "Sarrikobaso kaleko 7. edo 9. zenbakian" dagoen ostalaritza-establezimenduari buruzko datu eskaera. Tocak azaldu zuen moduan, 2005eko martxotik aurrera hilabetero eskatu ditu taberna horri buruzko datuak Hirigintza batzordean eta arloko zinegotziak "entzungor egin du beti". Tocak azaldu zuen bezala Luis Almansa PSE-EEko bozeramaileak ere Hirigintzan kexatu zen informazio hori ematen ez zelako. Hortik kontuak atera zituen Tocak: "atzean zer edo zer egongo da".
Tocaren ohorea
Bere azalpenetan luzatu zen Jesus Toca popularra eta horrela argitu zuen "atzean ezer egongo ez balitz" berarentzat "irain pertsonala" izango litzatekeela berari Amnistia tabernaren inguruko informazioa ukatzea. Eta balizko irain pertsonalaren eta zer edo zer susmagarria egon litekeela pentsatzearen artean, "atzean zer edo zer ezkutatuta" zegoela pentsatzea nahiago zuela argitu zuen popular ohoretsuak.
Tocari arrazoia eta kontsolamendua emateko hartu zuen hitza Luis Almansa talantedun konstituzionalistak: "elkar lagun dezakegu hemen ez baitago inor gu babestuko gaituena". Hori esanda, Almansa argitu zuen zelan orokorrean ez duen arazorik batzordeetan informazioa jasotzeko baina kasu zehatz batzuetan oztopoak izan dituela eta gauza jakin batzuk Udal Gobernuko ordezkariek ez dituztela erantzuten. Hiruko Gobernuaren estalitako gaien kopurua zehazteko argitu zuen erantzuteke dauden gaiak "hiruzpalau" direla, tartean "gure zinegotzi batek eskatutako bideo kopia batzuk".
Almansaren aburuz, Udal Gobernuak "garrantzi politikorik ez duten hainbat kontu azkar erantzuten dute, baina maila politikoa dutenak isiltasunean uzten dituzte". Jarrera hori txarra da oposizioak egin beharreko lanerako eta "hautesleriaren %50 aintzat ez hartzea da", PSE-EEren iduriz.
Mora eta Udaltzaingoaren segurtasun bideoak
Azaroko udal batzarreko ezaugarri nagusia betez, Zarraoak ia ez zion hitzik zuzendu PPko ordezkariari, alderdi horrek EAEko Epaitegi Gorenaren aurrean jarritako salaketari erantzun nahian. Horregatik, nahiz eta mozioa PPk aurkeztu izana, alkateak Almansari zuzendu zitzaion, esanez bideo-zinten aferan Gotzone Mora zinegotziari aukera eman ziotela Udaltzaingoko komisaldegian bertan zintak ikusteko, baina aipatu bideokaseteak ezin zirela kopiatu edo komisaldegitik atera.
Horri erantzunez, eta hitzik eduki gabe, Gotzone Morak ezeztatu zuen Iñaki Zarraoa jelkideak esandakoa, bideo-zintak erabiltzea ukatu zitzaiola baieztatuz. Elkarrizketa erdian alkateak PSE-EEko zinegotzirik popularren azalpenak moztu zituen eta gogoratu zion txandarik ez zegokiola. Hortik landa iskanbila gogorra hasi zen, Gotzone Morak ohikatu zuenean "honek gogorarazten dizkit Alemania naziren atarikoak!". Moraren atzekaldean zeuden zinegotzi jelkideek ere oihuka hasi ziren eta baita ere popularrek eta sozialistek.
"Faxista!"
Jesus Tocari zegokion txanda eklipsatu zuen alkateak eta Tocak ere garrasika hasi zen alkateari gaizki esaka zebilela: "lotsagarria da, faxista" edo "tira, bozka dezagun, berdin da... ez diguzue erantzuten... ez da aterako...". Tartean, Iñaki Urkiza EBko zinegotziak, hitzarik ez zegokiola, PPri eta Tocari EAEko Auzitegi Gorenera jo izana gaitzetsi eta neurriz jokatzeko eskatu zion.
Totum Revolutum horretan mozioa baztertu zen eta PSE-EEko zein PPko kideak kaleratu ziren, eske galderei kasu egin gabe.
Gaiaren inguruko dokumentuak:
Getxoko PPk "ETAren inguruko" Amnistia tabernari buruzko informazioa exijitu du (2005 Ab 14)
PPk 205eko azaroaren 25eko Udal Batzarrean aurkeztutako mozioa (gif)
PPk 2004ko urtarrilaren 22an Udal erregistroan aurkeztutako galderak (gif)