PPk Gasteizen salatu zuen Algortako Segiren manifestazioari buruz ezer ez dakiela erantzun du Balzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 14a, 22:01

Javier Balza EAEko Herrizaingo sailburuak ukatu du PPk Gasteizko legebiltzarrean salatu zuen Algortako manifestazioaren inguruan inolako daturik duenik. Atzo EAEko legebiltzarreko Mahaiak jakinarazi zuenez, abenduaren 1ean erantzun zuen Balzak afera horri buruzko galderari. Sailburuak idazkian argitzen duenez Herrizaingo Sailak ez du jaso manifestazio horretarako komunikaziorik eta egin den ere ez daki: “ez dago horren berri”. Galdera Carlos Urquijok egin zuen eta Getxon Marisa Arruek leporatu zion Zarraoari horrelako jardueren inguruan ezer ez egitea. Bestalde, UKBERRIk jakin ahal izan zuen Segik ez zeukala deituta manifestaziorik Algortan azaroaren 11rako.

Iragan den azaroaren 10ean, manifestazioa iragartzen zuten ustezko kartel batzuk ikusi zituztela argudiatuta, Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak lau haizetara zabaldu zuen Segi gazte erakunde ilegalizatuak manifestazio bat egiteko asmoa zuela hurrengo egunean Algortan. Hori zela eta, idatzizko galdera egin zion Herrizaingo Saileko arduradunari “debekatuko duen ala ez” argi zezan eta “Ertzaintzak esku hartuko duen” zehazteko. Marisa Arrue PPko zinegotzi getxoztarra gisa berean zuzendu zitzaion Iñaki Zarraoa Getxoko alkateari, “tankera horretako manifestazioak zigorrik gabe udalerriko kaleetatik igaro daitezen” berriro ez uzteko eskatuz. UKBERRIk egun berean argitu zuenez, ez zen kaleetan inolako kartelik edo zantzurik esateko manifestazio bat egongo zenik eta ezker abertzaleko zein gazte mugimenduko informazio iturriek popularrak “okertuta” zeudela berretsi zuten.

Gaiaren inguruko berriak:

Balzak Algortan egon ez zen manifestazioari buruz emandako erantzuna (pdf)

Segiren edozein manifestazio debekatzeko eskatu dio Zarraoari Getxoko PPk (2005 Aza 11)

Algortan egongo ez den Segiren manifestazioan esku hartzeko eskatu dio Balzari PPk (2005 Aza 10)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun