UKBERRI.NETek atzo udal mandatariek esandakoa bere kabuz egiaztatu nahian hiru ordenagailutan, hiru sistema eragiletan eta hiru nabigatzaileren sei bertsiotan saiatu da webgunea "ohikoak ez diren nabigatzaileak erabiltzen dituztenentzat ere pentsatuta dagoela" berresten. Emaitza hutsaren hurrengoa izan da.
Sei saiakera, sei akats
Getxo.net neurtzeko proba guztiak nabigatzaile ezberdinen cookie-ak, historia eta katxea ezabatuta eta laster-marketatik ere Getxoko Udaleko ataria kenduta egin dira, ordenagailuek webgune zaharrerako ibilbiderik egin ez zezaten. Windows Me eta MacOsX sistema eragileetan Flash Player Adoberen doako aplikazioa instalatuta zegoela jakin izan dugu, baina Linuxeko ordenagailuan ez dugu programa hori aurkitu.
MacOsXean hiru nabigatzaile erabili ditugu (Firefox 1.5, MSI Explorer 5.2.2 eta Safari 2.0.2). Hirurek heldu dira orrialde orokor batera non euskarazko bertsioaren, gaztelerazko atalaren zein hainbat hizkuntzatan dagoen Turismo Arloko orrialdeetara joateko estekak zeuden. Webgune berriko Turismo Arloko orrialdeetara arazorik gabe joaterik izan badugu ere, euskarazko zein gaztelerazko estekak sakatuta webgune zaharrera baino ez gara heldu, eta Explorerren kasuan ezta hori ere, pantaila zuriz gelditu dela.
Windows Me sistema eragilean Firefoxek (1.0.7 bertsioa kasu honetan) Macintosh-ean bezala jardun du. Explorerrek, berriz, ez digu orrialde orokorrera eraman eta zuzenean webgune berrira bidali gaitu. Zehatz-mehatz webgune berriko gaztelerazko atalera eraman gaitu. Nabigatzailearen hizkuntza euskara jarrita eta berriro cookie-ak, laster-markak, katxea eta historia ezabatuta ere, erdarazko emaitza bera eman du MSI Explorerren 5.5 bertsioak, euskarazko bertsiora heltzea oztopatuz.
Linuxen kasuan, proba bakarra egin dugu, Firefox 1.0.4 bertsioarekin. Emaitza nabigatzaile horrek Macintoshen zein Windows Men izan duenaren berdina izan da.
Atzoko aurkezpenean esandakoak
Bestalde, atzo Imanol Landak Presidentzia Arloko zinegotziak nabarmendu zuen Interneten Nazioarteko Partzuergoak bermatu duela webgunearen irisgarritasuna, egindako orriak ikertu ondoren, eta aipatu zuen www.getxo.net estatuan ezaugarri horiek betetzen dituen udal webgune gutxienetako bat dela.
Landaren aburuz, informazioa lortzeko aukera erraztu egiten da “bizi aroak” deitzen den irizpideari esker, hau da, toki ikusgarrian jarri dira aroz aro sartzeko bideak, haurtzarotik profesionalengana doazenak, tartean gazteak, emakumeak edo ezintasunak dituzten pertsonenak izanik. Horrela antolatu da talde hauentzat interesgarria izan daitekeen informazioa.
Ezintasunak gainditzeko webgunea
Presidentzia Arloko arduradunak Getxoko webgune berrian ezintasunak edo zailtasun teknikoak dituzten pertsonak ere erraz sartu ahal izango direla argitu zuen, alde batetik informazioa eta bestetik estiloak banandu direlako. Ezintasun fisikoa, hau da ikusmen, entzumen edo kognitibo/neurologikoko ezintasunen bat dutenek, beren beharren arabera, aukera batzuk izango dituzte, hala nola, itsuentzako irakurgailu bereziarekin uler dezaketen webguneak eskaintzen duen gaien aurkibidea, irudirik gabeko testuak edo irudiak grisen eskalatan ikusmen murritza dutenentzat.....
Webgune berriaren egitura aurrekoaren antzekoa bada ere, orain aukera gehiago sartu dira. Horien artean, zabaltzen diren menuek orri nagusitik barruko orri zehatzetara joateko aukera edo gunearen edozein tokitan hizkuntza (euskara edo gaztelania) aldatu ahal izatea.
On line bidezko ordainketak
Getxoko Udalaren webgune berriak udal zergak eta tasak Interneten bidez egin ahal izango dituzte etxetik mugitu gabe egin nahi duten pertsonek, Landak esan zuenez. Hori orain lau banketxerekin elkarlanean jarriko da martxan baina aurrerantzean aldatu egingo da arinagoa izan dadin eta banketxe gehiagoren partaidetzarekin egin ahal izateko. Dena den zinegotziak argitu zuen gaur egun www.getxo.net aldaketa garaian dagoela eta, hori dela eta, atal batzuk aldatuta daudela eta beste batzuk aldatzeko lan egiten ari direla.