Zaramaren tratamenduaren salneurrian "abusuzko igoera" eman dela salatu du Erandioko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 16a, 18:25

Erandioztarrek sortzen dituzten hiri hondakin solidoak tratatzeagatik, Garbiker enpresak kobratzen duen salneurria "neurriz kanpo" handitu egin dela salatu du, aste honetan bertan kaleratutako prentsa oharraren bidez, tokiko talde popularrak. "1999tik %160 egin du gora Udalak tona bakoitzeko ordaindu behar duena", ziurtatu du Javier Ruiz (argazkian) Erandioko PPko bozeramaileak. Hain zuzen ere, urte horretan hasi zen zaborrez arduratzen Garbiker. "Lehenengo urtean %31,5ekoa izan zen igoera eta hurrengoan %24koa. Eta 2001ean eta 2002an, %24,5 eta %19,7koa izan zen gorakada, hurrenez hurren", azaldu du zinegotzi popularrak. Azken urtetan, ordea, %3,5 baino ez da igo ordaindu beharrekoa, Ruizek emandako datuen arabera. Tratatzen den hondakin kopuruak jasandako igoera "bestelakua da" Erandioko PPren ustez, "%10 inguru baino ez dutelako egin gora". Gauzak horrela, Garbikerrek kobratzen duen prezioaren "abusuzko handitze" horrekin lotu dute "zarama tasak duen defizita".

"Irtenbiderik bilatzen ez bada, aipatu defizita gora egingo duen beldur" dira zinegotzi popularrak, "Garbikerrek bere kabuz ezartzen duelako salneurria 25 urtez, sinatutako hitzarmenean agertzen denez". Ruizen ustez, "urtetik urtera auzotarrek ordaintzen dutenaren igoera ekarriko du horrek". Udal Gobernuaren aurkako hitzak ere izan ditu Erandioko PPko zinegotziak. Kritikatu duenez, "Zenbakiak direnak izanda, inoiz ez du argibiderik eman Udalak, Garbikerren salneurrien igoeraren aurrean. Horretaz gain, inoiz ez dio exijitu enpresari hondakinak tratatzeak suposatzen duen kostu errealaren gaineko txostenik; ezta zenbat irabazten duten jakinaraztea ere".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun