Igaz bezala, Boulevarda eta Aketxe eta Errekalde plazak hartuko ditu, 10:00etatik 15:00etara, Leioako Nekazal eta Abeltzaintza Azokaren XVIII. edizioak. Besteak beste, baserriko produktuak eta ganadua ikusteko aukera egongo da: behiak, idiak, ahuntzak, zaldiak, astoak, euskal txerriak, oreinak... Baita bertoko produktuak dastatzeko aukera ere: patea, txerrikiak, ogia, eztia, ortukariak, gaztaia... txakolinez zein sagardoz ondo bustita. Horrekin batera, harri-jasotzaileen erakustaldiak, nekazaritza tresnen erakusketa, txalatorta dastatzeak, Idiazabal Gazta jatorri izendapenaren Bizkaitar Produktuentzako VI. Lehiaketa, Leioako nekazariei omenaldiak eta bertso saioek girotuko dute goiza. Gazteek ere tailerrak izango dituzte herri kirolak, gaztagintza edota ardien ile mozketan aritzeko.
Hona hemen egotaraua zehatz-mehatz:
Errekalde plaza:
- talo tailerra
- ardiei ilea mozketa
- artzain txakurren erakustaldia
- harrijasotzaileen erakustaldia
- perretxiko eta pate dastaketa
Boulevard
- abere erakusketa
- nekazaritza tresnen erakusketa
Errekalde, Boulevard eta J.R. Aketxe
- nekazarien produktuen erakusketa
12:00 Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Deituraren Bizkaitar Ekoizleentzako VII. Lehiaketa.
13:00 Leioako nekazariei omenaldia.
13:30 Bertso saioa.
14:00 Trikitilariak.
Hegaztien gripearen gaineko zurrumurruak direla medio, oilo, ahate edota indioilarrik ez da egongo, igande honetan, Boulevard-ean eta Aketxe eta Errekalde plazetan egingo den Leioako Nekazal eta Abeltzaintza Azokaren XVIII. edizioan. Gainera, Karmelo Sainz de la Maza alkateak adierazi duenez, "bi hanketako txoririk" ez egoteko ere neurriak hartuko dituzte. Izan ere, horrelako egunetan ohikoa da zorro-lapurrak ibiltzea, egoten den jende oldearen artean babesturik. Hori dela eta, udaltzainak ibiliko dira alde batetik bestera, lapurretarik egon ez dadin, udal agintariak adierazi duenez.