Gabonetako konpromisoa: "Euskarazko produktuak lehenetsi"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 16a, 18:40

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Gabonetan ere euskararekin konprometitzea eskatu du. "Euskarazko produktuak erosi" leloa hedatuko duen postala sortu du. Horrekin, "Euskal kulturako ekoizpenen eta euskarazko produktuen jatorrizko bertsioa erosiko dut lehentasunez" norbanakoen konpromisoa betearazi nahi du. "Eguberriak garai aproposa dugu euskararen alde lanean jarraitzeko", adierazi du Xabier Mendiguren idazkari nagusiak. Egun hauetan produktu gehiago erosten ditugula kontuan izanda antolatu dute kanpaina berri hau. "Gure helburua ez da kontsumismoa bultzatzea, baina badakigu garai honetan ospakizunak eta opariak direla eta gauza gehiago erosten ditugula, eta uste dugu euskarazkoak lehenetsi behar ditugula, hizkuntzak balio erantsia ematen dielako", argitu du Mendigurenek. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Xabier Mendiguren eta Mikel Balentziaga.

Kontseiluak 25.000 postal inprimatu ditu Euskal Herri osoko ehun bat herri eta auzotan banatzeko. "Etiketak, publizitatea eta produktuen informazio guztia euskaraz duten produktuak lehenestea eskatzen diegu herrietarrei", azaldu du Mikel Balentziaga Kontseiluko Ekintza Planeko arduradunak. Postalak herrietan banatuko dira eskuz esku banatzeko. Helburua herritarrek haien senide eta lagunak zoriontzeko erabiltzea da. "Horrela, urte berria eta Gabonak zoriontzearekin batera euskararen aldeko mezua hedatuko du gizabanakoak".

Norbanakoen konpromisoa

Ekintza hau norbanakoen konpromisoak bultzatzeko urteko hirugarrena da. Kontseilua 2005ean hirutan agertu da kontzientziazio kanpainekin. Lehendabizi errenta aitorpena euskaraz egiteko eskaera luzatu zuen. Bigarren kanpaina 'eskutik euskara' izan zen, euskaldunei eta euskara ikasten ari zirenei lagun edo senideren bat euskara ikastera animatzeko helburuarekin. "Oraingoa euskarazko produktuak kontuan izatekoa dugu, norbanakoak animatzeko hirugarren pausoa", esan du Balentziagak.

Hurrengo urtean, bukatzear dagoen 2005 honetan bezala, Kontseiluak jarraituko du denon konpromisoak hedatzen, bai 'nire konpromisoa' kanpaina orokorrak aspalditik planteatu dituen 29 konpromisoak lortzeko, bai berriak proposatzeko. "Halaber, gizabanakoek konpromiso zehatz bakoitza hartzeaz gain, euskararen aldeko bidean jarraitzea nahi dugu", ohartarazi du Xabier Mendigurenek. Kontseiluak konpromisoa idatziz hartzeko aukera ematen du bere webgunean.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun