Banketxeetatik irteten direnei osteko 'modus operandi' berria dute lapurrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 19a, 22:41

Banketxeetatik irteten diren lagunei osteko, lapurrek 'modus operandi' berria dutela jakinarazi zuen Ertzaintzak joan den azaroaren bukaera aldera. Sorbalda aldean biktimaren arropa zikintzen dute eta gero, laguntzeko asmoa izango balute bezala, arropa artean edo poltsan daramaten dirua osten diete, polizia autonomikoak gaur berriro ohartarazi duenez. Komunikabideetara igorritako prentsa-oharraren arabera, azken astean horrelako hiru lapurreta izan dira Bilbon. Hori dela eta, erne egoteko deia egin nahi izan die herritarrei beste behin ere Ertzaintzak, Gabonak gainean egonik horrelako gertaera gehiago izan daitezkeelako. Argazkia: Galtzaundi.

Bizkaian horrelako hiru lapurreta egon ziren azaroan: Bilbon, Muskizen eta Durangon. Gipuzkoan, berriz, bakarra, Eibarren. Ikerketen ondorioz jakin denez, lapurrek banketxe edo kutxazain automatiko bat zaintzen dute eta dirua atera duen norbaiti atzetik joan eta arropa zikintzen diote, usain txarreko likido batekin. Ondoren, bi gizonezkok (45 eta 50 urte artekoak, itxura onekoak eta ondo jantzita) biktimarengana hurbildu eta laguntza eskaintzen diote, dirua osteko zikindutako jantzia arakatu edo zorroan eskua sartzeko.

Eibarren biktima konturatu egin zen eta lapurrek ezin izan zuten euren helburua bete. Ertzaintzak lapurren jokaeraren berri eman zien herritarrei azaroan eta kutxazainetatik edo banketxeetatik dirua ateratzean adi egoteko adierazi zuen. Hala ere, azken astean, Bilbon, horrelako ekintza gehiago izan direla jakin du polizia autonomikoak eta ,beraz, Gabonetan zuhur ibiltzeko deia egin du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun