Gabonetako "kontsumo masiboa" gaitzesteko, Artea merkataritza gunera egingo dute martxa ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 20a, 20:45

Gabonetan ematen den "kontsumo masiboaren gorakada" salatzeko eta kontsumo "burujabe" baten beharra aldarrikatzeko, Leioako Artea merkataritza gunera martxa deitu du ostiral honetarako, abenduak 23, Uribe Kostako Gazte Asanbladen Koordinadorak. "Multinazionalek gure bizitza baldintzatzea ez dugu nahi" diote gazteek. Gauzak horrela, 18:30ean jarri dute ordua, Aiboako metro geltokitik Arteara bidean abiatzeko, "Kontsumoan ere izan burujabe" lelopean. "Izatez, pertsonok kontsumitzaileak gara, baina ezinbesteko beharrizan horiez aparte, faltsuak diren beste behar batzuk inposatzen dizkigute, gaur egungo sistema politiko eta ekonomikoa mantentzeko eta elikatzeko", diote Uribe Kostako gazte asanbladetako kideek.

Hona hemen Uribe Kostako Gazte Asanbladen Koordinadorak kaleratutako idatzia:

Kontsumoan ere izan burujabe!

Artea, Kirol Portua, Max Center... azken hamarkadan asko biderkatu diren merkatal gune handi hauek, ehundaka pertsona kotxez hurbiltzeko erraztasunez beteta, eguna bertan kontsumitzen igaro dezagun pentsatutako tokiak dira.
Gabonak gainean ditugula eta kontutan izanik jendarte kontsumista baten parte garela, garai honetan ematen den kontsumismo masiboaren gorakada salatu nahi dugu.

Izatez, pertsonok kontsumitzaileak gara, baina ezinbesteko beharrizan horiez aparte, faltsuak diren beste behar batzuk inposatzen dizkigute, gaur egungo sistema politiko eta ekonomikoa mantentzeko eta elikatzeko. Horretarako, tresna ezberdinak jartzen dituztelarik gure eskuetan.

Publizitatea eta bestelakoekin gure egoera sozio-afektiboan eragiten dute, aisialdia, gabeziak, desioak... haien helburura hurbilduz, hau da, kontsumismoaren inguruan gure bizitza oinarritzera behartuz, nolabait.

Ez dugu makrozentroek ezta bertako multinazionalek ere gure bizitza baldintzatzea nahi, haiek baitira:

-Mundu osoko aberastasuna desorekatzen dutenak gune zehatz batzuetan zentralizatuz.
-Denda... txikiak desagertarazten dituztenak merkatua monopolizatuz.
-Pertsona, herri eta baliabide naturalak bortizki esplotatzen dituztenak, pertsona bakar batzuk aberastuz.
-Dirua, munduaren funtzionamendurako oinarria bilakatzen dutenak botere politikoa bereganatuz.
-Balio zapaltzaileak transmititzen eta inposatzen dizkigutenak komunikabideez baliatuz.
-Zoriontasuna diruarekin eskuratu daitekeen edozerekin erlazionatuta dagoenaren ideia sartzen digutenak, benetan gure irudimena eta pentsatzeko ahalmena mugatuz.
-Gauzak eraldatzeko gaitasuna baldintzatu nahi dutenak dependentzia ekonomikoa sortuz.
- ...

Beraz, eskaintzen dizkiguten erosotasun guzti hauen atzetik badago eragin sozioekonomiko bortitz bat.

Botereak baimentzen eta ahalbidetzen dituen egitura suntsitzaile hauetara biltzen garen bakoitzean, zilegitasuna ematen diogu sistema basati honi, hauek baitira sistema mantentzeko beharrezko eragin-gune batzuk.

Uribe Kostako Gazte Asanbladen Koordinadora
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun